Ez dira 48 ordu pasa Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi zenuenetik. Nolakoak izan dira txapeldunaren lehen ordu hauek?

Oraindik zurrunbiloan nago, baina poz handia sentitzen dut. Intentsoa izan zen finala eta intentsoa izaten ari da ondorengo guztia.

Izan duzu astirik zorion mezu guztiak erantzuteko?

Mezu asko jaso ditut eta asko estimatu dut iritsi zaidan goxotasun guztia. Saiatuko naiz pixkanaka guztiei erantzuten. Tartean izan da mezu oso berezirik. Adibidez, lehendabiziko ganbarako lanean, torturak jasan zituen pertsona baten minari abestu nion. Asko hunkitu nau trantze gogor horretatik pasa diren zenbait pertsonen esker mezuak jaso izanak.

Orduek aurrera egin ahala, aldatu al da larunbateko finala amaitu berritan zenuen pertzepzioa?

Indartu egin da finala bukatu berritan nuen susmoa: final ona eta berezia izan zela. Egin nuen lanari dagokionez, orokorrean konforme nago, beti dagoen arren zer hobetua. Niretzat, bertso bakoitza etengabeko bilaketa lan bat izan zen eta horrekin nago kontentuen.

Txapelketakoa bakarkako lehia bat da, baina etengabe azpimarratu duzue zein aproposa izan den aurtengo finaleko zortzikotea. Zuretzako zergatik izan da talde hau horren berezia?

2011ko finalean emakume bakarra nintzen; aurten gehiengoa ginen. Hori motibazio gehigarri bat izan da niretzat. Bestetik, oholtzan lagunez inguratuta nengoen. Izaera, kolore eta ñabardura askoko taldea osatu dugu eta, hein handi batean, uste dut eman dugula gugandik espero zena.

Hasiera-hasieratik, oso zentratuta ekin zenion finalari.

Final batean garrantzitsua da burua eta gorputza oholtzan dituzula hastea. Beti ez da lortzen, baina larunbatean hasieratik izan nuen jolasteko gogo hori. Pentsa, agurra hankaz gora jartzeko baimena eman nion nire buruari, abesten ari nintzen bitartean. Hor hasi nintzen jolasten.

Zerekin sufritu eta zerekin gozatu zenuen gehien?

Bertsoa bapateko ariketa izanik, kezka bakarra neukan: inor ez mintzea. Horrek sufriarazten dit. Gozatu, aldiz, Ane Labakarekin egindako hamarreko txikiko ariketan gozatu nuen gehien, kartzelara kontzertu bat ematera gindoazen bi musikarien paperean.

Buruz burukoa Beñat Gaztelumendirekin jokatu zenuen, 2015ean bezala.

Poz izugarria sentitu nuen, Beñat bertsokide eta lagun handia baita. Elkarrekin prestatu dugu txapelketa ―hizketan ari garen elkarte honetan bertan―. Beraz, niretzako opari bat izan zen finalaren azken txanpa berarekin osatzea. Uste dut buruz buruko on bat egiten lagundu zigula bion artean daukagun konplizitateak.

Nola bizi izan zenuen lan puntuagarriak amaitu eta epaileen erabakia iritsi arteko denbora?

Irabazteko ilusioa banuen, noski, baina lanak amaitutakoan erabat lasai geratu nintzen, egindakoarekin konforme. Txapelduna nintzela esan zutenean, ordea, pare bat minutu behar izan nituen nire onera etortzeko. Poza? Izugarria! Gainera, aurten 20 urte borobil bete dira bertsotan lehendabiziko txapela irabazi nuela. Esanahi berezia du niretzako.

Alaia Martin. Ruben Plaza

Laugarren saiakeran, Gipuzkoako laugarren finalean iritsi da txapela zure burura. Zein izan da horretarako gakoa?

Egun bakarrean faktore askok desoreka dezakete balantza, esperientziak edo zorteak, adibidez, eta nik faktore horiek alde izan nituen larunbatean. Aurten nire buruari asko eskatu diot, baina baita asko barkatu ere. Goxoago hartu dut nire burua, inperfektua izateko eta hanka sartzeko baimena emanez.

Arantzazu Loidi bertsolariak jantzi zizun txapela. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Ahaztezina izan zen elkarri emandako besarkada eta bota zuen bertso ederra. Esan nion jende askorentzat erreferente izan dela eta pozik nago merezitako txalo-zaparrada jaso zuelako.

Agurrean, lagunei eskaini zenien txapela. Zergatik?

Premia handia nuen horretarako. Gure eguneroko bizitza gero eta lotuago dago etxera edo familiara, bestelako harreman sareak murriztuta, eta lagunei ez diegu eskerrik edo zentralitaterik ematen. Nigandik hasita. Haur txikien zaintzan buru-belarri murgilduta nabilen honetan izugarri eskertu dut lagunen hurbilpen oro. Zegokien pisua eta lekua aitortu nahi nien agurrean eskerrak emanez.

Alaia Martin, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren irabazlea. Ruben Plaza

Aitortu duzu txapelketara ez aurkeztekotan egon zinela. Horrela da?

Bai, azken unera arte egin nuen zalantza. Urte hasieran jaio zen gure bigarren haurra eta ez nekien bere beharrak nola ezkonduko ziren txapelketarekin, ezta nireak ere. Beldur handia nuen. Ohartu nintzen, ordea, bertsotan egitea mesedegarri zitzaidala, eta ilusioz eman nuen izena. Gainera, Bertsozale Elkarteak erraztasun handiak eman dizkit. Esaterako, finalean gela bat jarri zidaten oholtzatik jaitsita haurrari bularra eman niezaion.

Zenbait bertsolarik aitortu du txapela izan daitekeela babes, hauspo edo baita presio iturri ere. Txapeldun modura zer ardura sentituko duzula uste duzu?

Txapela nik jantzi nuen arren, ardura taldean daramagula sentitzen dut, finaliston artean. Presio bat ekar diezadaken arren, pozez eraman nahi nuke herriz herri. Merezi duen tamaina emango diot, ez gehiago ez gutxiago, berunezkoa izaten amaitu ez dezan.