Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa aparteko giroan jokatu da gaur, bertsozaleek lepo bete duten Zarauzko Aritzbatalde Udal Kiroldegian. 1.400 ikusleren aurrean, Alaia Martin izan da, merezimenduz, puntu gehien bildu dituen bertsolaria (544,5) eta zuzenean sailkatu da Illunben jokatuko den final handira. Oiartzuarra laugarren aldiz ariko da kantuan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final batean, aurrez, hiru aldiz lortua baitu balentria hori (2011n, 2015ean eta 2019an).
Bi ordu eta erdiz lan puntuagarriak egin ostean, sailkapenean koxka aterata nagusitu da Alaia Martin; bere atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, gaur kantukide izan dituen Eneritz Artetxe Eizagirre, Aner Peritz Manterola Euzkitze, Unai Mendizabal Jauregi, Amaia Iturriotz Etxaniz eta Eneko Araiztegi Agirre Korta. Saioaren gidari, Ion Zaldua Brit aritu da gai-jartzaile lanetan.
Behetik gorako saioa
Entzuleak hasieratik bero eta gogotsu ziren arren, bertsolariei kosta zaie motorrak berotzen hastea. Lehen txalo zaparradak zortziko txikiko ariketetan iritsi dira, batez ere, Alaia Martinek eta Eneritz Artetxek egin duten lanaren ordainetan. Gaiak hala aginduta, Alaia saltzailea, Eneritz konbentitzen saiatu da, auto bat eros ziezaion. Osatu duten elkarrizketa bizi eta borobilaren adierazgarri, Alaiaren lehen bertsoa:
“Zu etorri zara ta
etxera ez noa
zatoz, zatoz sakatu
ezazu frenoa
baliotsua da ta
oso modernoa
zer iruditzen zaizu
todoterrenoa?”
Ez da makala izan Artetxeren erantzun txalotua:
Zure proposamena
hobe da utzita
todoterrenorako
nahikoa naiz ni ta
Bertsolari azkoitiarrak goi-mailako saioa egin du gaur eta, bildu duen puntu kopurua ikusita, aukera handiak ditu lehenengoz Illunbeko zortzikotean sartzeko.
Saioari dagokionez, aipatzekoa izan da ganbarako ariketan gertatu dena; batzuek besteen bertsorik entzuten ez duten arren, hiru bikoteek oso modu antzekoan heldu baitiote gai irekiari. Horrretaz gain, Oiartzungo finalaurrekoan gertatu zen bezala, Zarautzen ere ez da saiorik lehertu puntukako ariketetan.
Bakarkakoak, erabakigarri
Saioaren amaiera aldera iritsi dira finalaurrekoko bertsoaldirik borobilenak, bakarkako ariketekin batera. Txalogarria izan da, esaterako, ordura arte gozakaitzago aritu den Unai Mendizabalen bakarkakoa. Dena den, Alaia Martin izan da ariketa honetan goia jo duena, gai honi erantzunez: “Zaharretxe batean lan egiten duen erizain-laguntzailea zara. Adinean aurrera zoaz, eta gero eta zailagoa zaizu egunero egin beharreko zenbait lan burutzea.” Josi dituen hiru bertso zoragarrien adibide, bigarren hau:
Joxeparen begiraden
edo Antonioren hitzen
azpiko azpitituluak
ahalegintzen naiz aditzen
oheak ti-ta egin ta
maindire denak astintzen
eta hala ere patrika
ez daukat batere gizen
emakume erizainok
baikaituzte erabiltzen
ez pentsa patxadaz lasai
ohitu garenik ibiltzen
holaxe ibiltzen gara
lan duina dena zikintzen
zaintza inoiz ez delako
erdigunean ipintzen
Agurrean aurreratu duen gisara, hitzez hitz borrokatu eta irabazi du finalerako txartela.
Aipamena merezi du Aner Peritz Manterola Euzkitzek egin duen saioak ere. Herritarren hauspoa lagun, goi mailako aleak utzi ditu zarauztar gazteak eta, gaur bildu dituen puntuak kontuan izan da, badu finalarekin amets egiteko aski motibo. Itxura guztien arabera, berak eskuratu dituen 512 puntuak gainditu beharko dituzte finalean sartu nahi duten gainerako bertsolariek. Aho-zapore oso ona utzi duten arren, finalean sartzeko aukerarik gabe geratu direnak Amaia Iturriotz urretxuarra eta Eneko Araiztegi Korta segurarra dira.
Igandean erabakiko da guztia
Gaur-gaurkoz, Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin dira abenduaren 14ko final nagusian postua ziurtatuta daukaten bertsolari bakarrak. Falta diren sei txartelak erabakiko dituen finalaurrekoa, datorren igandean jokatuko da Arrasateko Uarkape pilotalekuan, eta honako sei bertsolariak arituko dira kantuan: Agin Laburu Rezola, Andoni Rekondo Izagirre, Eñaut Martikorena Lizaso, Iñigo Mantzizidor Larrañaga Mantxi, Maider Arregi, Markuleta eta Oihana Iguaran Barandiaran. Aldiz, Imanol Artola Arretxek egingo ditu aurkezle eta gai-jartzaile lanak.
Saioa arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta sarrerak, aurrez, bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahal izango dira. Saioaren egunean bertan ere irekiko dituzte Uarkape pilotalekuko txarteldegiak ―Zarautzen gertatu bezala― aurrez amaitzen ez badira.
Zarautz. Puntuazioa
- Alaia Martin Etxebeste 544,5
- Eneritz Artetxe Eizagirre 519,5
- Aner Peritz “Euzkitze” 512
- Unai Mendizabal Jauregi 504,5
- Amaia Iturriotz Etxaniz 493,5
- Eneko Araiztegi “Korta” 462