Koldo Mitxelena Kulturuneak (KMK) Gipuzkoako historiaren pasarte ezezagunak hitzaldi-zikloaren hitzordu berri bat eskainiko du asteazken honetan, Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkartearen laguntzarekin. Oraingoan, zikloak Ernest Hemingwayren figura eta Euskal Herriarekin duen lotura aztertuko ditu, Iñaki Sagarnaren eskutik.

Goizane Alvarez Kultura diputatuak azaldu duenez, ziklo honen helburua "Gipuzkoako historian hain ezagunak ez diren pasarteak nabarmentzea da, Antzinarotik XX. mendera bitarteko aldi historiko zabala hartuz".

Iñaki Sagarna

Iñaki Sagarnak Ernest Hemingway eta Euskal Herria izenburupean emango du hitzaldia. Historian eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatua, Sagarnak Historiako Masterra egin zuen Boise State Univeristyn, eta gaur egun, UEUko Irakaskuntza Masterra amaitu ondoren, Historiako irakasle gisa ari da Bigarren Hezkuntzan.

2021ean, Jose Ignacio Tellechea Idigoras bekari esker, Jose Ignacio Lizasoren biografia idatzi zuen eta Eusko Jaurlaritzak Britainia Handian Gerra Zibilean egin zuen propaganda aztertu zuen, Foru Aldunditik azaldu dutenez.

Halaber, Ernest Hemingwayri buruzko ikerketa-ildoa hasi zuen 2019an. Hemingway in Idaho fellowship beka lortu zuen The Community Library-n lan egiteko, Hemingwayk bere buruaz beste egin zuen etxea kudeatzen duen erakundean. Idahoko Ketchum herrian hasi zen Idaho eta Hemingwayko euskaldunen arteko harremanak ikertzen. Geroztik Ernest Hemingwayren eta Euskal Herriaren arteko harremanak ikertzen ditu.

Besteak beste, joan den uztailean Donostian eta Bilbon egin zen Ernest Hemingway eta Euskal Herria kongresua antolatzen lagundu zuen. Ziklo honetako hitzaldi guztiak KMK-ko Jarduera Aretoan izango dira, Santa Teresa komentuan, Alde Zaharrean, 19:00etan.