Síguenos en redes sociales:

Mikel Pagadik bere lehen eleberria argitaratu du: ‘Bisita’

Mikel Pagadik bere lehen eleberria argitaratu du: ‘Bisita’Ruben Plaza

Estatu Batuetako pelikula eta eleberri askotan ikusi ditugu estralurtarrak, batzuk besteak baino beldurgarriagoak. Baina, zer gertatuko litzateke plater hegalari horietako bat Gipuzkoan lurperatuko balitz? Hori da, hain zuzen ere, Mikel Pagadik Bisita izeneko bere lehen eleberrian kontatzen diguna. 

Plater hegalariak Euskal Herrian

Trama Anoetako herrian gertatzen da, non plater hegalari bat lurreratzen den. Egoera horren aurrean Lehendakaria eta beste goi-kargudun zenbait abian jartzen dira zer gertatu ote den jakiteko eta gertatutakoaren konfidentzialtasuna ziurtatzeko. Eleberrian NASAko eta Etxe Zuriko agintariak ere aipatzen dira, istorioari errealitate-plus bat eransteko. Egileak zientzia fikzioaren agertoki tipikoenetako bat Euskal Herrira hurbildu nahi izan du. Hortik abiatuta, ikuspuntu komikotik, kanpoko espazioaren eta euskaldunen arteko topaketa nolakoa izango litzatekeen islatzen saiatu da, umorea eta tradizioak ahaztu gabe.

Pagadi betidanik erakarri izan dute estralurtarrak edo dinosauroak bezalako aparteko fenomenoek, baina tramarako ideia Area 51ren kanpoaldea bisitatu ondoren bururatu zitzaion, Herri txiki-Infernu handi saioarentzat egindako grabaketa batean. Gipuzkoara bueltatzean, Anoetan imajinatu zuen “Area 51ko artefaktu bat bertan jarrita”, azaldu digu. 

“Nik irakurri nahiko nukeen liburua da”, deritzo Pagadik, zientzia-fikzioa eta komedia elkartzen dituzten eleberriak gustuko dituela argudiatuz. Nahiz eta gidoilari lanetan ibili, eleberri bat idatzi nahian denbora luzean ibili da autorea, eta nahiz eta prozesu gogorra izan den, bere hitzetan, “oso gustura egon naiz; ez da erraza, baina orain arte telebistako gauzak idatzi izan ditut eta lan hori oso azkar egin behar izaten da”, eleberria idazterako garaian ordea, ideiak pentsatzeko eta aldatzeko aukera izan omen du.

Mikel Pagadi, bere eleberri berriarekin

Fantasia eta satira politikoa

Pagadik betidanik izan du “etnografia gauza fantastikoekin nahasteko joera”, eta hainbat erreferente ere izan ditu inspirazio iturri, hala nola, Max Brooksen Guerra Mundial Z edo Enrique Jardiel Poncelaren La Tourneé de Dios eleberria, “beti buruan izan dut estilo horretako inkongruentzia bat idaztea”.

Zientzia-fikzioa eta komedia ez dira Bisita-n topatuko ditugun gai bakarrak, esate baterako, satira politikoa ere antzeman daiteke. Kritika sozial horretan “alter egoak daude eleberriko pertsonaietan”, aipatu du Mikel Pagadik, non batzuetan pertsonaiari izena ere ez zaion jartzen, irakurleak bere buruan ideia propioa egin dezan. 

Narrazio dinamikoa

Narrazioa ere ez da beti berdina, batzuetan e-mail formatuko elkarrizketak edota txostenak sartzen ditu narrazioari nolabaiteko zentzua eman nahian. “Thrillerretan asko erabiltzen dute, dinamismoa emateko eta narrazioa arintzeko”, beraz Villabonako idazleak gauza bera egitea erabaki du, tramarekin bat egiteko eta leku batetik bestera salto egiteko.

Mikel Pagadiren izaera pertsonaien eta haien elkarrizketen bitartez islatzen da liburuan. Horretarako, lagunarteko hizkera erabiltzearen alde egin du, edo zehatzago esanda, elkarrizketak Anoetan hitz egiten duten modu berean idaztearen alde, Lehendakaria bezalako beste pertsonaia batzuek euskara batua erabiltzen duten bitartean.

Pagadiren izaera

Xehetasun txiki hauek esanahiz beteta daude eta, irakurlea adi egoten baldin bada, sakonera zehatza duten ñabardurak aurkitu ahal izango ditu. Desberdintasunen artean beste bitxikerietako bat pertsonaia nagusi bakar bat ez egotean datza, bati baino gehiagori ematen baitzaie garrantzia, halako istorio kaleidoskopikoa sortuz.

Gainera, liburuari berari ere izaera berezia eman nahi izan diote, irakurtzeko erraza izateaz gain, irakurlea pertsonaien argumentu eta harrabotsarekin lotzea ahalbidetuz.