Oihana Iguaranek (Villabona-Amasa, 1991) eskuratu zuen atzo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetarako txartela, Irunen egindako saioan 517,5 puntu lortuta; bere atzetik geratu ziren Amaia Iturriotz (484,5), Eneritz Artetxe (476), Eñaut Martikorena (468,5), Aner Peritz (465,5) eta Iñaki Apalategi (446).
Aldez aurretik jakina zen Ficobako Auditoriuma lepo beteko zela, sarrerak orain astebete agortu baitziren. Abenduaren 1ean Arrasaten jokatuko den finalerdian lehiatuko da Iguaran.
Gai-jartzaile lanetan Uxune Areizaga aritu zen, eta epaileak Amaia Otxotorena Gamio, Karlos Ibarguren Olalde, Maite Sukia Olano, Oihana Aranguren eta Leunda Eizmendi izan ziren.
Final-laurdenak amaitzeko azken saio bat jokatzea falta da oraindik, eta datorren igandean, azaroak 3arekin burutuko da Tolosan. Hantxe izango dira aurrez aurre, Aitor Tatiegi, Andoni Rekondo, Iñigo Mantzizidor, Jon Gurrutxaga, Maider Arregi eta Nerea Elustondo.
Sailkatuak
Eta behin hura jokatutakoan, bost saioetako irabazleak pasako dira zuzenean finalaurrekoetara, baita puntu gehien eskuratu dituzten beste 13 bertsolari ere. Final-laurdenetako lau saioetan nagusitu eta oraingoz finalerdietarako txartela ziurtatu dutenak Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Unai Mendizabal eta aipatu berri dugun Oihana Iguaran izan dira.
Tolosako saiorako sarrerak salgai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus webgunean.