2024-2025 ikasturtea ofizialki inauguratu du Donostiako Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE). Zazpigarren promozioari ongietorria eman zaio gaurko ekitaldian, izan ere guztira 35 herrialdetako 207 ikasleren artean hautatutako 45 ikaslek osatzen dute eskola.
Eskolak irailaren 30ean hasiko badira ere, Donostiako Tabakaleran kokatuta dagoen eskolan ikasle berriei harrera egiteko ekitaldia egin zuten atzo, eta bertan izan ziren, besteak beste, Goizane Álvarez Gipuzkoako Kultura diputatua, José Luis Rebordinos Nazioarteko Zinemaldiko zuzendaria eta kultur etxeko zuzendari nagusia, Edurne Ormazabal.
EQZEtik eta foru erakundetik jakinarazi zutenez, ikasle sartu berri horiekin 313 pertsona badira jada, zinema sektoreko prestakuntza eskola horretan aberastu dutenak. Eskola-aldi berrirako plan akademikoaren berrikuntzen artean, Sorkuntza metodologiak irakasgaia nabarmentzen da. Claire Atherton zinema muntatzaile estatubatuarrak, Marie Losier zinemagile eta komisario frantziarrak eta Hlynur Pálmason zuzendari islandiarrak eskainiko dute elkarrekin.
Gainera, datorren urteko martxotik apirilera bitartean, Fernando Martín Peña artxibozain, bildumagile, ikertzaile eta programatzaile argentinarrak Donostiako eskolan ikerketa-egonaldia egitea aurreikusita dago.
Elías Querejeta zinema eskola UPV/EHUri atxikita dago eta “zen-tzurik zabalenean zinemagileak prestatzen” dihardu; bertako eskaintzan, ikerketa, artxibo eta kontserbazio graduondoa, komisariotza eta programazioko prestakuntza espezifikoa, eta sorkuntza masterra daude aukeran.
Gai horiek guztiak prestakuntza-proiektuari lotutako erakunde diren Euskadiko Filmategiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Zinemaldiak burutzen dituzten edukiekin bat etorriz.
EQZEren ikasturte akademikoa irailetik hurrengo urteko abendura bitartean garatzen diren sei moduluetan antolatzen da.
Kulturako diputatuak nabarmendu duenez, ikasle ohiei egindako gogobetetze-inkestek erakusten dutenez, %72k eskolan lortutako esperientziarekin lotutako lana izan du edota dauka une honetan, eta %85ren ustez, bertan ikasi izana “erabakigarria” izan omen da esparru profesionalean errotu ahal izateko.