Udaberrian egin zen lehen galbahearen ondoren, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa fase erabakigarrian sartu da. Lehen fasean parte hartu zuten 74 bertsolarietatik 34k lortu zuten txapelketarako txartela.

Larunbat honetan, irailaren 14an, Urretxun hasiko dira final-zortzirenak, eta 34 bertsolari horiez gain, 2019an finalaurrekoetarako sailkatu arren final handitik kanpo geratu ziren zortzi bertsolariak ere gehituko zaizkie. Beraz, guztira, 42 bertsolarik hartuko dute parte fase honetako zazpi saioetan, urriaren 5era bitartean, final-zortzirenetako azken emanaldia larunbat horretan jokatuko baita Azpeitian.

Fase honetako zazpi saioetako irabazleak (Urretxu, Lasarte-Oria, Lazkao, Elgoibar, Hondarribia, Andoain eta Azpeitia) automatikoki sailkatuko dira hurrengo faserako, baita puntu gehien lortzen dituzten 17 bertsolariak ere.

Handik bi astera, urriaren 19an, Eibarren abiatuko da hurrengo fasea: final-laurdenak. Bertan, Agin Laburu eta Alaia Martin, fase horretan zuzenean lehiatuko diren 2019ko sei finalistetatik bi, nor baino nor gehiago arituko dira sailkapen-fasetik etorritako 24 bertsolarietako beste laurekin.

Fase horretan bost saio egingo dira. Eibarkoaren ondoren, Errenteriaren txanda izango da urriaren 20an, 2019ko txapela defendatuko duen Beñat Gaztelumendi bertan dela; Azkotian, hilaren 26an, larunbatarekin, Ane Labaka lehiatuko da; hurrengo egunean Irunen Oihana Iguaran; eta Tolosako azaroaren 3ko saioan, igandez, 2019an laugarren sailkatu zen Nerea Elustondo izango dute arerio.

Aurreko fasean bezalaxe, saio guztietako bost irabazleak zuzenean pasako dira finalaurrekoetara, eta guztira 18 bertsolari lehiatuko dira, punturik gehien lortzen dituztenen artean aukera eginda.

Halako batean, txapelketak jauzi kualitatiboa emango du azken iragazkiari aurre eginez. Finalaurrekoak hiru igandetan jokatuko dira jarraian, saio bakoitzean seina parte-hartzailerekin, Donostiako finalean parte hartuko duen zortzikotearen bila. Errezitaldi bakoitzeko hiru irabazleak eta puntu gehien lortzen dituzten hurrengo bostak sailkatuko dira. Hitzorduak honako hauek izango dira: Oiartzunen, azaroaren 17an, Zarautzen, hilaren 24an, eta Arrasaten, abenduaren 1ean. Hori guztia gainditu beharko dute, beraz, abenduaren 14an, larunbatarekin, Ilunben 17.00etan hasita jokatuko den finalean parte hartzeko txartela lortzeko.

“Txapelketarik ez bertso-eskolarik gabe”

Tradizioa eta gaztetasuna. Harrobia eta etorkizuna. Eskoriatzako Almen ikastolaren eskutik sortutako lehenengo bertso-eskolaren 50. urteurrenak nabarmen markatuko du txapelketaren aurtengo edizioa. Mugarri hori inspirazio iturri izan da txapelketaren antolatzaileentzat, eta irailaren hasieran lehiaketaren xehetasunak aurkezteko, Eskoriatzako Apotzaga auzoa aukeratu zuten, hantxe elkartu ohi zirelako bertso-eskolako lehen ikasleak.

Hasiera-hasieratik bertso-eskolek egindako lan eskergaren garrantzia dotore azaldu zuen Mikel Artola Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak: “Gaur egun ez legoke txapelketarik bertso-eskolarik gabe, txapelketan diren bertsolari guztiak pasa dira bertso-eskoletatik”. 70 eskoletatik gora daude gure lurraldean barreiatuta, eta inprobisatzaileen harrobia izateaz gain, “talde” nortasuna ere erakusten zaie, Artolaren esanetan txapelketan bertan ere garbi antzematen dena. “Guri zaletasuna transmititu ziguten, hitzarekiko grina”, aipatu zuen.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako aurkezpena. N.G.

Txapelketa honetako beste ezaugarrietako bat gazteen presentzia da. 48 bertsolarietatik hamar, 25 urtez azpikoak dira, eta berritasun gisa, euren ausardia eta lan borobila aitortzeko, hamar gazte horien arteko bertsolaririk onenari aintzatespen berezia emango zaio aurtengo finalean.

Dena prest dago jada, baita saioetan bertsolarien lana jantziko duen doinua ere, Eñaut Zubizarreta Triggerrek sortutako musika elektroniko eta doinu tradizionalen uztartzea. Asteburu honetatik aurrera lehia zirraragarrian murgilduko da Gipuzkoa, bertsolari onenen artean onenak aukeratzeko.

Urretxuko saioan, irailaren 14an, bertsolari hauek ariko dira kantuan: 

  • Andoni Rekondo Izagirre
  • Ane Zuazubiskar Iñarra
  • Antton Aizpurua Aldape
  • Jon Gurrutxaga Urbieta
  • Mikel Iturriotz Etxaniz
  • Unai Mendizabal Jauregi

Lasarte-Oriako saioan, irailaren 15ean, bertsolari hauek ariko dira kantuan:

  • Aitor Zubikarai Salegi
  • Amaia Iturriotz Etxaniz
  • Aner Peritz Manterola "Euzkitze"
  • Iñigo Mantzizidor Larrañaga
  • Manu Goiogana Bengoetxea
  • Oier Etxeberria Zubimendi


Final-zortzirenak

  • Urretxu (irailak 14)
  • Lasarte-Oria (irailak 15)
  • Lazkao (irailak 21)
  • Elgoibar (irailak 22)
  • Hondarribia (irailak 28)
  • Andoain (irailak 29)
  • Azpeitia (urriak 9)

Final-laurdenak

  • Eibar (urriak 19)
  • Errenteria (urriak 20)
  • Azkoitia (urriak 26)
  • Irun (urriak 27)
  • Tolosa (azaroak 3)

Finalaurrekoak

  • Oiartzun (urriak 17)
  • Zarautz (urriak 24)
  • Arrasate (abenduak 1)

Finala

  • Donostia (abenduak 14)

Sarrerak