Biarritzeko Maitaldia dantza jaialdiak Gipuzkoara egingo duen bisitaren harira Errenterian antolatutako jardunaldi berezirako proposamenak aurkezteko epea zabalik dago abuztuaren 15era arte.

Maitaldia jaialdiak Gipuzkoa bisitatuko du, eta, hainbat erakunde eta eragilerekin elkarlanean, jardunaldi berezia antolatu dute Errenterian.

Errenteriako Udala, Herri Arte Eskola, Kukai, Ereintza taldea eta Gipuzkoako Dantzagunea elkarlanean ari dira Biarritzeko Malandain ballet konpainiarekin, irailaren 7an Gipuzkoako herri horretan egingo den ekitaldi hau antolatzeko.

Hasteko, Malandain Ballet Biarritzeko kide batek zuzendutako ballet klasikoko barra saio irekia egingo dute, 17:00etan.

Ondoren, Herri Arte Eskolak, Kukaik, Ereintzak eta Gipuzkoako Dantzaguneak ordu eta erdiko saioa eskainiko dute, eta hainbat emanaldi labur tartekatuko dituzte.

Deialdia zabalik abuztuaren 15era arte

Arratsaldeko seietan hasiko den emanaldi horretan Gipuzkoako Dantzagunea ordezkatuko duten bi pieza koreografiko aukeratzeko, deialdi bat zabaldu dute abuztuaren 15era arte.

Gai librea

Aurretik sortutako ikuskizun baten piezak edo pasarteak aurkez daitezke, eta gaia irekia da. Edozein dantza-diziplina eta mugimendu-arteetako proiektuak aurkez daitezke, gehienez ere 15 minutuko iraupenarekin.