Danbaka talentu musikalaren bila dabil
Debagoieneko musika taldeei zuzenduta dagoen lehiaketaren seigarren edizioan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago
Danbaka Debagoieneko Musika Lehiaketaren seigarren edizioa martxan dago. Denetariko estilo eta formatuak izango dira ondoetorriak, eta “ez zaie aterik itxiko 2022an parte hartu zutenei”, azpimarratu zuen Danbakako koordinatzaile den Jokin Bereziartuak.
Goiena Komunikazio Taldeak antolatutako lehiaketan 16 taldek parte hartu ahalko dute; horietatik, 15 epaimahaiak aukeratuko ditu, eta azkena publikoaren esku utziko dute, boto bidez. Zuzeneko emanaldiak, duela bi urte bezala, Bergarako Seminarixoan izango dira. Guztira lau kontzerturekin gozatzeko aukera egongo da urriaren 25ean, eta azaroaren 15ean eta 29an. Finala handia, aldiz, urtarrilaren 17an jokatuko da.
“Goienaren berezko helburuekin bat egiten du Danbakak. Alde batetik, lehiaketa honekin gazteak erakarri nahi ditugu euskal hedabideetara. Eta bestetik, eskualdeko musikariei –bakarlari, bikote zein talde- aukera eskaini nahi diegu era askotako musika adierazpenak haizatuz”, nabarmendu zuen Goiena Komunikazio Taldeko presidenteak, Monika Belastegik.
Irailaren 22ra arte
Beraz, irailaren 22ra arte eman ahalko da izena, eta baldintzen artean dago, gutxienez, parte-hartzaileetako bat Debagoienean erroldatuta egotea. Oinarriak eta gainerako xehetasun gehiago Danbaka.eus atarian daude jasota.
Sari nagusia diskoa grabatzea izango da. Publikoaren saria irabazten duenak, ordea, bideoklip bat izango du opari; eta Danbaka-Ekinez Sariari esker, 2025eko maiatzaren 30ean eta 31n Bergaran egingo den Ekinez jaialdian jotzeko txartela lortuko du irabazleak.
Gorka Artola Bergarako alkatearen hitzetan, Udalaren helburua “egitasmo honi jarraikortasuna ematea da, eskualdeko eta, bereziki, Bergarako musika taldeentzat erakusleiho bihurtzeko”. “Ez dakigu Danbaka honetatik hurrengo Gorka Urbizu edo Izaro berria irtengo den, bana argi daukaguna da erakundeetatik aukerarik eskaini ezean hori lortzea zailago izango dela. Hortaz, prest gaude talde gazteek behar duten bultzada ematen laguntzeko”, gaineratu zuen alkateak.
“Lehia” areto barruan izango da, baina San Martin plazan “Sanprubusa izango dugu, eta baita chill out gunea ere”, aurreratu zuen Bereziartuak.
Esperientzia aberasgarria
“Esperientzia berri bat bezala bizi izan genuen, talde berriak eta beste plaza bat ezagutzeko aukera gisa. Eta horri gehitzen badiozu zuzeneko kontzertu bat bideoan ederto grabatuta eramateko parada izaten dutela talde guztiek, ezin daiteke askoz gehiagorik eskatu”, esan zuen Aramaioko The Clayton taldeko abeslari den Jokin Larrañagak. Izan ere, talde hau izan zen 2022ko edizioko lehiaketaren irabazlea.