Gipuzkoako Foru Aldundiak arkeologia-bildumetako dokumentaziorako beka bat gehitu du, foru erakundeak etnografiaren eta kontserbazioaren arloan Gordailuan prestakuntza-praktikak egiteko ezarri dituenetarako. Beka bakoitzak 10.501 euro izango ditu.

Zortzi hilabeteko iraupena izango du beka bakoitzak

Bekek zortzi hilabeteko iraupena dute eta 31 urte bete ez dituzten edo unibertsitateko ikasketak amaitu zituztenetik 5 urte baino gehiago igaro ez diren gazte gipuzkoarrei ematen diete lehentasuna, Kultura Foru Departamentuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Epea

Prestakuntza-laguntzak Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan (Gordailua, Irun) emango dira, baina Euskadiko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko museo eta zentroetara joateko aukera aurreikusten da.

Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 18an amaituko da.

Esparruak

Etnografiaren arloko prestakuntzarako, goi-mailako unibertsitate-titulua izan behar da Gizarte eta Kultura Antropologian, Historian, Kultura Ondarean edo Humanitate edo Gizarte Zientzietako beste edozein gradutan.

Gordailuaren artxiboko argazkia

Gordailuan artea eta etnografia kontserbatzeko eta zaharberritzeko praktikei dagokienez, honako hauek dira baldintzak: Arte Ederretako lizentziatura, Zaharberritzeko gradua, Kultura Ondasunak Kontserbatzeko eta Zaharberritzeko Goi Eskolako titulazioa, Artearen Historia, Historia edo antzeko beste gradu batzuk edo kontserbazio- edo zaharberritze-arloko graduondoko ikasketak.

Arkeologiaren arloko prestakuntza-praktikak bilduma arkeologikoen dokumentazioan, erregistroan eta inbentarioan oinarrituko dira.