Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren eskutik, Euskal Itsas Museoak Elkano-Urdaneta: ozeanoen aurkikuntza erakusketa hartuko du, "Andres de Urdanetaren ekarpena lagun, ozeanoen arteko nabigazio globala finkatzen lagundu zuen Juan Sebastian Elkanoren bigarren bidaia ezezagunaren bosgarren mendeurrena ezagutarazteko eta ospatzeko helburuarekin".

Erakusketa ostegun honetan inauguratuko da arratsaldeko 18.30ean, Xabier Alberdi zuzendari zientifikoak eskainiko duen doako lehen bisita gidatuarekin, eta zabalik egongo da 2026ko urriaren 4ra arte.

Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak prentsaurrekoan azaldu duenez, "erakusketa honekin, Elkanok Moluketara egindako bigarren bidaia ekarri nahi dugu gogora".

"Elkanoren itsas lorpenen eta ekintzailetza-espirituaren oinordekoak gara, bai eta itsaso zabalera abiatutako beste hainbat eta hainbat gipuzkoarrenak ere; horregatik, gaur egungo Gipuzkoak arbaso horiekiko duen zor izugarria aitortu nahi dugu erakusketa honekin", aipatu du.

Bestalde, Alberdik azaldu duenez, Elkanoren bigarren bidaia "ozeanoak aurkitzeko prozesuaren bigarren kapitulua izan zen, hain zuzen ere, haren ikasle izandako Andres Urdanetak gauzatutako nabigazio ozeaniko globalaren bigarren kapitulua, eta zalantzarik gabe, horixe izan da Euskal Herriak Gizateriaren historiari egindako ekarpenik handiena".

Zeharkaldi transozeanikoa nola prestatu zuten azaltzen digu erakusketak, eta Urdanetaren papera nabarmentzen du, maketa, pintura eta dokumentuen bidez, baita Gordailua, Legazpi Dorretxea, Arantzazuko Santutegia, San Telmo Museoa eta Ordiziako Udaletik ekarritako beste 30 piezaren bitartez ere.

Gainera, gazteei zein helduei zuzendutako espazio didaktikoa sortu du museoak, material interaktiboekin, jolas hezitzaileekin eta propio eratutako irakurketa-eremua lagun. Familientzako koaderno bat ere diseinatu dute, "ulermena erraztu eta erakusketan azaldutako edukiei buruzko hausnarketa sustatzeko".

Elkanoren heriotza

Bere lehen ingurabidea errepikatu asmoz Elkano ontziratu zen Jofre Loaisakoaren espedizioak, heriotza ekarri zion Getariako marinelari. Izan ere, behin Ozeano Barera iritsita, hilobira eraman zuen gaixotasun batek kutsatu baitzuen Elkano. Hark utzitako azken borondateen testigantza Urdanetak hartu zuen. Historiaren pasarte azpimarragarri hura Federico Guevarak margotu zuen 1920an, Juan Sebastian Elkanoren heriotza bere itsasontzian izeneko koadroan.

San Telmoko funtsetakoa izanik Gordailuan gordeta dagoen pintura hori ikusgai izango da hemendik aurrera Euskal Itsas Museoaren erakusketan, Donostiako Obalo estudioak eta Lourdes Plano Eguizurain adituak egindako zaharberritzearen ondoren. Gainera, obraren zaharberritze-prozesua zehatz mehatz erakusten duen ikus-entzunezkoarekin gozatzeko aukera ere eskainiko du erakusketak.