Euskal Herriko zinema aretoetara iritsiko da Dragoi Bola Z Kai, jatorrizko telesailaren bertsio birmasterizatua, ekainaren 20an eta, euskaraz, gainera. Horrela eman du jakitera, gaur, ostegunarekin Estatu mailan, Akira Toriyama zenaren obra nagusiaren eskubideak dituen Selecta Vision banatzaileak. Toei Animation konpainia japoniarrarekin akordio batera iritsi, eta Estatuko zinemetan telesailaren lehen lau atalak eskainiko dituzte. Tokian toki, euskaraz gain, katalanez, galizieraz eta gaztelaniaz ere proiektatuko dira atal horiek.
Dragoi Bola Z Kai 2009. urtean eman zen lehen aldiz Japoniako telebistan. Jatorrizko telesailaren 20. urteurrena ospatzeko, Toeik bertsio berritu bat prestatu zuen: formatua, anamorfikotik (4:3) panoramikora (16:9) pasa, atalak berriko koloreztatu, betegarririk gabeko muntaketa berri bat prestatu, eszena askorentzat fondo berriak marraztu, eta zenbait animazio hobetu ere egin zituzten, besteak beste. Guztira, 98 atalak birmasterizatu zituzten –guztiak ETBk euskaraz eskainitakoak dira–. Istorioari dagokionez, Gokuren anaia Raditzen agerpenetik, Cellekin borrokan aritzen diren arteko saga hartzen du telesailak. Pantaila handian ikus ahal izango diren lau ataletan, berriz, Gokuk, Satan Bihotz Txikik eta Gohanek Raditzen aurka egindako borrokaldia kontatuko dute.
Selecta Visionek iragarri duenez, gerora, telesail guztia DVD eta blu-ray formatuetan merkaturatuko omen ditu lehen aldiz. Aldi berean, Dragoi Bola Z Kairen 98 atalak Animebox plataforman ere ikusgai izango dira.