Zer egin, biografia bat idazterako garaian, datu enpirikoak falta zaizkizunean? Hori izan zen Alaitz Melgar Agirrek haren amona Josefa Agirre Etxeberriaren bizitza berreraikitzerakoan bere buruari egin zion galdera. Barakaldoko irakasleak bere amona zenaren ibilbidea osatzeko proiektuarekin irabazi zuen iaz Debako Udalak eta Elkar Argitaletxeak antolatzen zuen Tene Mujika beka, eta gaur, astelehenarekin, Donostian aurkeztu du ikerketaren emaria, Josefa, Neskame liburua.

Baserri bateko bizitza

Josefa Agirre Etxeberria 1927an sortu zen Azpeitiko baserri batean. Gaztetan Gasteizera joan zen neskame lanak egitera. Ez zuen bere bizitzan bestelako ogibiderik izan. “Horrek, segur aski, nortasun konplexua izatea ekarriko zion”, azaldu du bilobak. Britania Handian ere aritu zen neskame, eta hantxe geratu zen Alaitzen amaz haurdun. Urte luzez amonaren bizitzarekin eleberri bat idatzi behar zuenaren ideia zebilkion buruan Melgarri, baina, beka tarteko, azkenean ez fikziora jo du.

Erronka handia

Ikerketak “erronka” handia suposatu diola aitortu du, Josefaren inguruko datu ofizial oso gutxi daudelako. Amonak berak ere ez omen zuen “bere iraganaz inoiz ezer kontatu”. Orduan, amonaren bizitza berreraikitzeko, “espekulaziotik” abiatu zen, beti ere, ahozko testigantzetan eta eskura zeuzkan dokumentu ofizial gutxi batzuetan oinarrituz. Ez hori bakarrik, egiturari dagokionean, ikerketa beraren bidaia-liburutzat landu du autoreak, amonaren bizipenak eta bere ikerketa prozesua paraleloan kontatzeko.