Urtetan ahazten ez den solasaldi horietakoa izan zen ostegun goizean Juan Gorriti eskultoreak eta biok izan genuena. Minutu bat bera ere pasa-tzerako, Gorriti tipo berezia zela ohartu nintzen. Arribera iritsi, eta bere baserriko ataria ikuste hutsak zur eta lur uzten zaituela esango nuke. Kolorez, eskulturaz, marrazkiz… laburbilduz, artez beteriko txokoa da eskultore nafarrarena. Eta hori guztia gutxi balitz, etxearen atarian den atea gurutzatu, eta metro gutxietara, bertan da bere tailerra. Gorritiren txoko intimoena hitzekin deskribatzea zaila dela esango nuke.

Artea, hizki larrietan. Sutondoan, pertza batean sagar erreak prestatzen ari zen bitartean, bere aitak duela 100 urte egindako mahaia eta bi aulki atera zituen eskultoreak. “Eseri hadi hemen”, esan zidan, eta horrela hasi ginen tertulian. Lana ondo burutu nahi duen kazetari gazte (edo hasiberri, zergatik ez esan) guztien modura, Gorritiri egiteko galderekin prestatutako papera atera nuen mahai gainera, eta galdetu zidan berak: “Zer duk hori?”; “Egin nahi dizudan elkarrizketa”, erantzun nion nik segurtasuna transmititu nahian. Gorritik, orduan, elkarrizketak oso gustuko ez dituela erakutsiz, papera hartu, eta sutara bota zuen. “Gazte, hik ez dituk galdera horiek behar, galderen beharrik gabe erakutsiko diat nik Korrikaren esanahia”, esan zidan, nik egoera nola bideratu pentsatzen nuen bitartean.

Juan Gorritirentzat Korrikak duen garrantziaz jabetzeko ordea, ez nuen paper baten edo galderaren baten beharrik izan. “Korrika eta euskara herriaren altxorra” direla esan zidan eskultoreak, begietan distira berezia zuela. Gure hizkuntzarekiko duen maitasuna hitzekin deskriba ezina zaiola ere nabarmendu zuen. “Ni ez nauk batere trebea hitzekin. Sentimenduak egindako lanen bitartez transmititzen saiatu izan nauk beti”, gaineratu zuen. Sentimendu horien jatorria azaltzeko, bere haurtzarora egin zuen salto Gorritik. Bere gurasoak mendian bizi ziren, eta berak ere, bere 8 anai-arrebekin batera, bertan egin zituen bizitzako lehen urteak.

Oderizen (Nafarroan) du jaioterria eskultoreak, eta bere hitzetan, mendiko gizontzat du bere burua. Mendia eta natura, bizitzan izan dituen “unibertsitate onenak” direla ere aipatu zidan. 1942an jaio zen Juan Gorriti, eta, umetatik euskaraz aritu zen etxean zein lagun artean. “Ni beti bizi izan nauk euskaraz. Gurasoengandik jasotako altxor handiena duk hizkun-tza niretzat, dudarik gabe”, azaldu zidan. Frankismo garaiko urteetan ordea, hizkuntza zapaltzen saiatu ziren garai horiek ere ondo gogoan ditu Gorritik. Gaztetan, eskolara joan eta “no hablaré más vascuence” milioika aldiz idatzi behar izan zuela azaldu zidan ostegunean. Eskultore nafarraren hitzetan ordea, gorrotoa baino, maitasuna da nagusi beti.

22. Korrika, Tolosan. Mikel Lakunza

“Jar-tzen zizkidaten zigorrei esker, arbeletako klerak lapurtzeko aukera izaten nian, eta horrela, errepideak margotzen nizkian eskolatik ateratakoan. Horiek izan hituen nire lehen pausoak marrazketaren munduan”, esan zidan Juanek. Horrela, heltzen joan eta artearen munduan diziplina ezberdinetan pausoak ematen joan zen, eta horrela ezagutu zuen Remigio Mendiburu, AEK-ren eskakizun bati eran-tzunez, Korrikako lehen lekukoa egin zuen artista. “Remigiorekin egunero gogoratzen nauk. Lagun handia izateaz gain, artearen munduan erreferente aparta izan duk beti niretzat”, dio Gorritik. Bere hitzetan, Mendiburu itsasgizona izanik, eta Gorriti bera mendian jaiotakoa, elkarrengandik ikasteko aukera izan zuten elkarbanatu zituzten proiektu guztietan.

Korrika

Izan ere, 1980an, jada lagun minak zirela, AEK-k Korrikaren proiektua gauzatzeko lekuko bat egitea eskatu zion Mendibururi. Eta Remigiok bere lagunarengana jo zuen laguntza eske. Horrela, hainbat egun bueltak ematen pasa ondoren, aurkitu zuten, Gorritiren hitzetan “lekuko egokiena” zena. Baserrian sukaldean erabiltzen zen tresna bat izan zen lehen lekuko hura. “Baserriak naturaren, mendiaren, familiaren eta gure herriaren historiaren erreferente dituk. Horregatik aukeratu genian baserriko tresna bat”, azaldu zidan, berriz ere begietan distira berezia zuelarik. Lehen lekuko horrek egin zituen lehen Korrikak, eta 1990an, Remigio Mendiburu hil zenean, bere lekukoa San Telmo museora eraman, eta Juan Gorritik AEK-ren deia jaso zuen, lekuko berria egiteko eskakizunarekin.

“Etorri hadi, egindako lekukoak erakutsiko dizkiat”, esan zidan eskultore nafarrak. Eta bat batean, mahai azpitik atera zituen gaur egun Korrikaren lekukotzat ezagutzen ditugun moduko hainbat pieza. “Ikuste al dituk? Bat baino gehiago egin dizkiat. Ba al dakik zergatik?”, galdetu zidan. Nik, noski, ideiarik ere ez nuen. Zergatik? Esan nion. “Lekukoren bati zerbait gertatu ezkero, azkar batean beste lekuko bat prest izateko. Lekuko hauek ez dituk nik eginiko eskulturak, herriak herriarentzat eginikoak baizik. Hau guztiona duk”, erantzun zidan berriz ere. “Korrika eta euskara geldiezinak dituk, guztion altxorra; hori ondo ikasi, eta ez ahaztu inoiz”, azaldu zuen. Orduan jabetu nintzen Gorritiren hizkuntzarekiko eta Korrikarekiko maitasunaz. Lekukoak, gainera, alde batean erroska moduko batekin barnealdean altxor ezkutu bat gordetzeko aukera ere baduela erakutsi zidan. Bertan gordetzen da azken egunean, aurtengo kasuan Baionan, irakurriko den testu sekretua.

Hizkuntza eta kultura, bizitzako altxorrak

Laburbilduz, Juan Gorriti eskultorearentzat hizkuntza eta kultura, bere bizitzako altxor preziatuenak direla ohartu nintzen ostegunean. Bere hi-tzetan “euskara gure herriak ereindako hazia” da, eta hitz egiten dugun eta zaintzen eta maitatzen dugun zuhaitz guztion artean osatzen dugu oihana. Korrika ere, hazi horretatik abiatuta AEK-k ereindako beste altxor bat da. “Herriak, herriarentzat” sortu duena. Aurrerantzean zaindu eta etorkizuneko belaunaldiekin oinordetzan, maitasunez elkarbanatu beharrekoa. Juan Gorritirekin ostegunean pasatako ordua ahazten ez den horietakoa izan zen, dudarik gabe.