dFeria, Donostiako arte eszenikoen azokaren XXX. edizioak ekinean jarraituko du ostegunera arte, herrialde gonbidatutzat Italia duelarik; ikasgeletako indarkeria, tango flamenkoaren jatorria edota edertasun estereotipoak bezalako gai anizkoitzak jorratzen dituzten proposamenak eskainiko dira.

Gipuzkoako hiriburuan eskainitako prentsaurrekoan aurkeztu zituen atzo Norka Chiapusso azokako zuzendariak proposamen horietako batzuk, protagonistak ondoan zituela. Hasteko, aurtengo edizioan herrialde gonbidatu izan den Italiako ordezkariak izan zituen mahaikide, María Luisa Pappalardo Madrilgo Italiako Kultura Institutuko zuzendaria, bai eta Eugenia Bacci Aterballettoren nazioarteko hedapen eta programazio arduraduna ere.

40 urteko ibilbidea duen konpainia hori orain bi urte bilakatu zen Italiako Koreografia Zentro Nazional, eta joan den igandean eurek zabaldu zuten dFeriaren aurtengoa, hiru koreografia zein baino zein ederrago eta originalekin: Yeled, Shoot Me eta Rhapsody in blue. Azken horixe da konpainiaren azken lana, eta nabarmentzekoa da Iratxe Ansa euskaldunak eta Igor Bacovichek osatutako bikote sortzaileak burutu duela.

Fabiana Iacozzilik bere La Classe lana aurkeztu zuen, astearte eta asteazken honetan Lugaritzen ikusi ahal izango dena. “Datu autobiografikoetan oinarritutako” proiektu hori, aktoreak eta txotxongiloak uztartzen dituen antzerki dokumentalaren ahalegin berezia da. 80ko hamarkadan eskola erlijioso bateko ikasgeletan pairatutako indarkeria erakusten da, irakasleek ikasleen etorkizunean eragiteko duten “boterearen bokazioa”, baita “mina edertasunean bihurtzeko” aukera ere.

Bestetik, Ruben de Eguía aktore eta ekoizleak Miramediaren En mitad de tanto fuego aurkeztu zuen. Alberto Conejeroren testu batetik abiatuta, lan horrek iraganeko eta orainaldiko ahotsak uztartzen ditu, Akilesen arma-laguna den Patroclo pertsonaiatik abiatuta. De Eguíak berak azaldu zuenez, orain bi urte sortutako proiektu horrek “oso une pozgarriak” ekarri omen dizkie; Latinoamerikan bira egin berri dute “oso kritika oso ederrak” jasota.

Beste zenbait ikuskizun Begoña Martín Treviño aktoreak El mono habitado konpainia arabarraren ¡Guapa! lanaren xehetasunak eskaini zituen. Bihar ikus ahal izango da dFerian, Intxaurrondoko kulturgunean. Bere esanetan, estetika eta edertasun kanonei buruzko gogoeta egiten du omen obra horrek.

“Noizbait denok izan gara gizartean baztertuak kanon horiek ez betetzeagatik”, adierazi zuen, eta gai horiek guztiak “ez ditugu dramatismotik jorratzen, umoretik eta poesiatik baizik, enpatia samurrarekin, gizaki orok bizitza bizitzeko eta gozatzeko eskubidea duela” aldarrikatzeko.

Miriam Odorico Perbacco Konpainiaren sortzaile eta interpreteak eta Giampaolo Samà zuzendari eta antzerkigileak, Luigi Pirandelloren Uno, ninguno y cien mil eleberriaren bertsio librea den ikuskizunaren xehetasunak azaldu zituzten. Obra, hasiera batean, berarentzat idatzi zuela esan du Samak, baina entseguekin hiru urte eman ondoren, testua behin eta berriz orraztu ondoren, Odoricok eskatu omen zion, eta bere hitzetan “pertsonaiak emakume baten ahotan egiten duen guztia askoz indartsuagoa eta garaikideagoa iruditzen zait”.

Amaitzeko, Fernando López zuzendari eta interpreteak, Germain Boungou dantzariak ere interpretatzen duen Flamenco Negro aurkeztu zuen. Obra hori, Kubatik datorren flamenko tangoaren jatorriari buruz egileak egindako ikerketa batetik abiatzen da, afrokubatar jatorriko Tango americano edo Tango de negros abestia hizpide duelarik.