Hamargarren urteurrenaren ospakizunerako, Donostian antzeztu zuten lehen opera berreskuratuko du Opus Lirica konpainiak, Donizettiren Elixir de amor. Otsailaren 23an eta 24an taularatuko da Gipuzkoako hiriburuan, alegia Kursaalean. Gazteen eguneroko harremanak eta erronkak jorratuko dituen bertsio garaikide batekin.

Proposamen berri horretan XIX. mendeko musikaren edertasuna eta gazteen errealitatea uztartu nahi dituzte. Horretarako, Opus Liricako abesbatzako kideekin, arte eszenikoetako ikasleekin, eta parkourra eta ballet flamenkoa diziplinetako talentu gazteekin osatutako taldea eratu dute.

Musika zuzendari eta eszena zuzendari lanak egiten dituzten Iker Sanchez-Silvak eta Pablo Ramosek, eta Kulturako foru zuzendariak, María José Telleriak, aurkeztu dute prentsaurrekoan asteazken honetan, bullying-a, sare sozialen eragina eta onarpenaren bilaketa bezalako egun egungo gaiak aztertzen dituen egokitzapen berria.

Bertsio garaikidearen izaera makillajean, jantzietan eta eszenografian islatuko da, gazteek aise ezagutuko dituzten espazioak, besteak beste institutua eta aisialdirako lekuak agertuko direlako, jakinarazi du Aldundiak prentsa-oharrean.

El Elixir de Amor obrak hainbat galdera planteatzen ditu benetako maitasunari eta harremanetan eragiten duten kanpoko estimuluei buruz. Egokitzapen berri honetan, batere popularra ez den Nemorino izeneko batxilergoko ikaslea bere autoestimuarekin borrokan topatuko dugu, eta halako batean, ustezko elixir bat erabiliko du, bere buruarekin oso seguru eta ikasleen lider argia den Adinaren maitasuna irabazteko.

Beraz, Opera Donostiara hurbiltzeko konpromisoari eutsiz, 2014an Donostian aurkeztu zuen lehen opera berpiztu egin du Opus Liricak, publiko zabalagora iritsi eta gazteriarekin ere konektatzeko helburuarekin.