Aurtengo Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituan zortzi musika proposamen eta bi eszeniko berri egongo dira, bertako talentuari profesionalizaziorako bidean laguntzea helburu duen aukeraketa da.

Goizane Álvarez Kultura diputatuak atzo adierazi zuen aurtengo hautaketa, egitasmoan parte hartzeko izena emandako 121 musika eskaintzen eta 28 arte eszenikoen artean aukeratua izan dena.

Guztira hamar artistek hartuko dute parte bederatzigarren edizio honetan; zortzi musikaren atalean aukeratu dituzte, Akaleia, Erromintxelak, Esanezin, Indabe, Latido, Noir Socha, Pelax eta The Donkey Riders; eta bi arte eszenikoetan, Kalte Kolektiboa eta Lauzpabost Stand Up.

Oraingo honetan, programak honako hauek eskainiko dizkie guztiei: zuzeneko lau emanaldi egiteko aukera, prestakuntza-programa bat, hautatutako proposamenetarako entsegu-espazioak, bai eta sustapen-bideo bat egitea ere.

Emanaldi bakoitzeko 400 euroko konpentsazio ekonomikoa ere eskainiko zaie, eta hautatutako taldeen lan horien zabalkundean ere ahalegin berezia egingo dute, Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman dutenez.

Aurtengo berrikuntzen artean, deialdian izena eman duten proiektu guztiek aukera izango dute, erabat dohainik, komunikazioa eta sustapena, eszenografia, ekoizpena, ekonomia eta fiskalitatea landuko dituen hezkuntza-programan parte hartzeko. Guztira, Katapultaren bederatzi deialdietan 713 artisten 1.027 izen-emate jaso dira.

Urte honen amaiera iristean, laguntza jasotako proiektuak 114 izango dira –88 musikakoak eta 26 arte eszenikoetakoak–, askotariko musika estilokoak, eta proposamen eszenikoetan ere aniztasuna da nagusi, bakarrizketak, antzerki piezak, magia ikuskizunak, performanceak eta txotxongiloen antzerkia ere sustatuz.