Euskal Herrian egindako edo euskal autoretza duen zinemarentzat Donostiako Zinemaldia erakusleiho ezin hobea da. Aurten, guztira eta sail gehienetan sakabanaturik, 19 euskal ekoizpen ikus ahalko dira –15 film luze, film ertain bat, film labur bat eta bi telesail–; itsasoaren sakonak mihatzen hasten diren dokumentaletatik, gure galaxiaren erdigunera bidaia egiten duten fikzioetaraino. Hori baita zinemaren magia, areto ilunetik atera gabe gure iragana edo alegiazkoak izan litezkeen txokoak arakatzeko aukera izatea.
Aspaldiko urteetan euskal zinema diogun hori Zinemira sailetik kanpo ere programatzen da. Sail Ofizialean, adibidez, bi donostiar izango dira lehian: Jaione Camborda eta Isabel Herguera, O corno eta El sueño de la sultana pelikulekin, hurrenez hurren. Lehenengoa galegoz bada ere, bigarrenean euskarak presentzia nabarmena du, beste hainbat hizkuntzekin batera.
Izan ere, azken urteak, uzta ederra utzi baitu euskal sorkuntzari dagokionean. Horren adibide, Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas filmak, Paul Urkijoren Irati-k eta Silvia Munten Las buenas compañías-ek zinema jaialdietan egindako ibilbidea, jasotako sari guztiak eta, are garrantzitsuagoa, izandako oihartzuna. Hirurak, gure ekoizpenen erakusleiho den Zinemiran eskainiko dira. Urresolaren lehen lan luzeak, Berlinen saritua izan zenak, gaur, ostiralarekin, inauguratuko du saila. Jada estreinaldi ofiziala izan dutenek, ordea, ezin izango dute Irizar Saria eskuratzeko lehiatu.
Herguerak, aldiz, Urrezko Maskorra lortzeko deman parte hartzeaz gain, Irizar saria ere badu jomugan. Guztira, bost izango dira garaikurra lortzeko bidean daudenak –El sueño de la sultana animaziozko pelikulaz harago, Rosa Zufía eta Bertha Gaztelumendiren Arnasa betean; Josu Martinezen Bizkarsoro eta Jon Mirande, film bat egiteko zirriborroa; eta Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018-2023 dokumentalak arituko dira nor baino nor gehiago–.
Mugak
Euskal Herriko mugen barruan gertatzen direnak –edo iraganean jazo zirenak– hartu dituzte kontuan aipatutako zinemagileek. Bidasoako mugan emigranteek jasaten duten egoera latzari ere erreparatu diote. Itsasoaren sakonean bilatu dituzte euskal emakume zinemagile historikoen aztarnak eta, baten batek, etorkizun posapokaliptiko batean, Marterainoko bidaia ere proposatu nahi dio ikusleari.
Iraganean Zabaltegin, belodromoan eta Zinemiran aritu ostean, Muguruza musikari eta zinemagileak bere azken lana aurkeztuko du aurtengo Zinemaldian: migratzaileek Europara iristeko egindako bidaia dramatikoa hartu du ardatz, Bidasoa 2018-2023 ez-fikzioan.
Josu Martinez, zinemagile eta EHUko ikertzailearen bi lan proiektatuko dira: Jon Miranderen figura poliedrikoari buruzko dokumentala, eta bere lehen fikziozko lana den Bizkarsoro.
Rosa Zufiarentzat, emakume zinemagileak dokumental zuzendariaren eserlekuan egin duen lehen lana izan da Arnasa betean. Alboan izan du, Bertha Gaztelumendi zuzendaria. Biek ondu duten testigantza zinematografikoa, itsasoaren sakona metaforatzat erabiltzen duena, Euskal Zinemaren galan eskainiko da hilaren 26an, Paco Sagarzazu aktoreak ohorezko Zinemira saria jaso ostean.
Zufia eta Gaztelumendiren lana ur azpian hasten dela esan badugu, Amat Vallmajor del Pozoren lana, ordea, Marte planetan bukatzen da. Zuri beltzean eta 16 milimetrotan filmatutako Misión a Marte da, euskal proposamen guztien artean bitxiena, dudarik gabe. Euskal ekoizpenak, jada, hegan dabiltza Lurra atzean utzita.