Lezoko Udalak zazpi emanaldi antolatu ditu abuztuaren 25etik irailaren 17ra, Kilometro Lezo jaialdiaren laugarren edizioaren baitan. Xanti Val Kultura teknikariak gogoratu duenez, Kilometro Lezo pandemia garaian kultura sustatzeko helburuarekin sortu zuen Udalak, hain zuzen ere sektoreak eta sortzaileek bizi zituzten “une gogorrak” apaltzeko asmoz. “Urtero jaialdia hobetzeko aldaketak egin ditugu, baina Kilometro Lezo Euskal Herria mailan sendotzen ari dela argi daukagu”, esan du teknikariak.
Iaz musika emanaldiei indar handia eman bazitzaien ere, aurten zirkuari eta arte eszenikoei emango zaie protagonismo handiena. Laugarren edizioa hilaren 25ean hasiko da Maite Sarralde konpainiaren Desªnuda zirku-ikuskizunarekin. Hurrengo egunean ere, zirku esperientzian oinarritutako emanaldi berri bat eskainiko du jaialdiak, Rojo Telonen Transir. Anolakuntzak aditzera eman duenez, ekitaldi guztiak Herri Eskolako patioan izango dira, azken asteburukoak izan ezik, horiek Goiko plazan egingo baitira –Lezoarrek dantza eta antzerkiaz ere gozatzeko aukera izango dute irailaren 17a arte–.
Jon Legorburu, Kultura zinegotziaren ustez “Kilometro Lezo pandemian sortu bazen ere, geratzeko etorri zen jaialdia da”. “Kultura zaintzen jarraitu nahi dugu, horretarako, euskal dantzari eta konpainien ikuskizunak izango ditugu Lezon. Ia denak euskaldunak dira eta batzuk herrikoak gainera. Aurtengo Kilometro Lezo Santakrutzekin batera amaituko da; hortaz, ekitaldi ugariz gozatzeko aukera izango dute aurten lezoarrek”, esan du, gerora gehitzeko, jaialdia nahiko finkatua badagoen harren, “hobetzeko lanetan jarraituko” dutela”.