Iñaki Epelde artista eta kultur ekintzaile tolosarra omenduko du gaur Urmugak, mendizaletasuna eta kultur adierazpenak uztartzen dituen jaialdi ibiltariak. Ekitaldia Aralar Mendilerroan dagoen Aizpearroko anfiteatro naturalean izango da. Iragan asteko asteazkenean ekin zioten jaialdiaren aurtengo edizioari. Urmugak, izenak berak dioen legez, uraren mugaren bidea jarraitzen du, hau da, Kantauriko isurialdearen eta Mediterraneoko isurialdearen mugak bereizten dituen lerroa, Burgoseko ertzetik Hiru Erregeen mahairaino luzatuz.
Hilaren 12an, Garobel Mendilerroan eman zituzten ibilaldi musikatu honen lehen pausoak. Hemeretzi egun pasako dituzte Euskal Herriko mendi eta baso artean, uztailaren azken egunarekin Auñamendin aurtengo edizioari agur esan arte.
Kultur eskaintzaz aparte, egunez egun Urmugak proposatutako ibilbidea jarraitzen ari direnek, Lizarrustitik Albiasu herrirainoko bidea egingo dute. Arratsaldeko 18.00etan, aldiz, Aizpearroko ingurune naturalean kontzertuak hasiko dira –sarrerak bost eta 20 euro bitarteko prezioa dute eta urmuga.eus web orrialdean eros litezke–.
Jardunaldi honetarako lehen mailako kartela osatu du antolakuntzak. Ken7 taldeko abeslari ohi Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Gatibuko abeslari Alex Sardui, Alaitz eta Maider, Olaia Intziarte eta Bixente Martinez arituko dira kantuan, eta dantza bertikalean espezializatutako Zinbulu konpainiak ere parte hartuko du. Horiek guztiek, jakina, Migel Zeberiok zuzentzen duen Et Incarnatus hari-orkestraren akonpainamendua izango dute.
Gainera, ingurune natural paregabea probestuz, Iñaki Epelde (Tolosa, 1958-2013), pintore, irakasle eta ekintzailea omenduko dute haren lagunek.
Haren heriotzaren hamargarren urteurrena betetzen delarik, Iñigo Aiestaranek, Felix Aiestaranek, Guillermo Olmok eta Koldobika Jauregi artistek, haren omenezko esku-hartzeak burutuko dituzte Aralarren. Jauregik, orain aste batzuk beste omenaldi bat ere eskaini zion Epelderi, kasu hartan, Alkizan berak zuzentzen duen Ur Mara museoan. Maiatzaren amaieran gauzatu zen omenaldi hartan Zeberioren Et Inkarnatus taldea ere bertan izan zen.