Frantziako Zinematekak Eloy de la Iglesia zarauztarraren lana berreskuratzea erabaki du uda honetan , ia bere filma guztiak erakutsiko dituen atzera begirakoan. Kinki zinemaren ikonoa eta Pedro Almodovar edo Gaspar Noé bezalako zuzendarien erreferentea izan zen Eloy, baina ia erabat ezezaguna da Frantziako publikoarentzat.

“Zinemagile hau ez da batere ezaguna Frantzian, bere film guztietatik akaso bat ala bi banatuko ziren komertzialki”, azaldu zuen atzo Parisko Bercy auzoan dagoen Fran-tziako Zinematekako programazio zuzendari Jean Francois Raugerek.

De la Iglesiaren omenezko zikloa egoitzan bertan eskainiko da, eta gaur bertan hasiko da 1972. urteko La semana del asesino filmarekin. Vicente Parra, Emma Cohen eta Eusebio Poncela dira artista printzipalak.

Irekiera saio horretan izango da, De la Iglesiaren miresle sutsua den Gaspar Noé zuzendaria.

Izan ere, Raugerren esanetan, 2006an hil zen euskal zinemagilea 80ko hamarkadako zinema kinkiaren erreferente handienetakotzat hartzen den arren, eta Frantzian Estatuko zinematografiarekiko estimu handia badute ere, Hexagono horretako kideen arteko ia “ahoz-ahokora” mugatzen da bere garrantzia.

“Hainbat zinemagilek izugarri miresten dute, zinemagileen zinemagilea da”, hausnartu zuen, Noe eta Almodovar gogora ekarriz. Hain zuzen ere, horrexegatik da De la Iglesiaren eragina hain “diskretua, lurpekoa, sotila”, esan zuen Raugerrek.

De la Iglesiak homosexualitatea, terrorismoa, delinkuentzia, drogazaletasuna edo aktibismo politikoa jorratu zituen bere filmetan, batez ere 1975ean Francisco Franco diktadorea hil eta zentsura amaitu zenetik aurrera.

Normalean, gainera, gizartearen bazter ezkutuenak arakatzen zituen.

Ezjakintasun faktore horregatik eta Pariseko ikusleek De la Iglesiaren zinea estimatuko duten konbentzimenduagatik erabaki du Zinematekak, uztailaren 29ra arte luzatuko den atzera begirako honen aldeko apustua egitea.

“Zinemaren kate-maila galdua da, ikusi gabea, ezagutzen ez dena. Berlanga, Bardem, Buñuel eta abarren zinemagintza ezaguna dugu”, nabarmendu zuen programazio zuzendariak.

“Ondoren, hutsune bat etorri zen, eta film batzuk agertu ziren, batez ere generoko filmak, eta oso zaletuak zirenek ezagutzen zituztenak. Eta guzti horren baitan, Eloy de la Iglesia pixka bat baztertuta zegoen, baina ikusleak sentsazio indartsuekin asebete zitzaketen filmak egin zituelako nabarmendu zen. Horixe baliatzen zuen bere gai nagusiaz hitz egiteko”, gaineratu zuen.

Ardatz nagusi hori “errepresio sexuala” da, errealizatzaile euskaldunarentzat faxismoaren osagai funtsezkoa zena. Atzera begirakoan guztira 21 film eskainiko dituztenez, De la Iglesiak bere bizitzan zehar (1944-2006) egindako ia film guztiak egongo dira ikusgai.