Euskal Herri osoko kantuzaleak Bilbon elkartuko dira etzi Euskal Herria kantuz eguna ekimenean parte hartzeko, eta horrela, talde bakoitzak tokian-tokiko kantujiretan bizi ohi duen esperientzia beste batzuekin elkarbanatzeko aukera izango dute. Larunbatekoa pandemia osteko lehenengo Euskal Herria Kantuz nazionala izango da, Eta elkartuko gara berriro lelopean ospatuko da. Besteak beste, Donostia, Zarautz, Aretxabaleta, Elgeta, Pasaia, Idiazabal, Beasain, Usurbil, Eibar eta Arrasateko kantuzaleak Bilbora joango dira, hain zuzen ere, Bizkaiko Bai Euskarari jaialdiaren 45. urteurrenarekin bat eginik. 11.00etan hasita, Gran Via kalearen erdigunetik ibiliko dira parte hartzaileak, 25 abestiko kantu-zerrenda ezpainetan dutela. Arratsaldean, aldiz, Alde Zaharra jantziko dute kantuz.