Renoko Unibertsitatean bertsolaritzari ikusgarritasuna emateko asmoz, Female improvisational poets izeneko kongresua antolatu zuten 2018an, eta handik eratorri da orain ikerketa akademikoan oinarritutako ingelesezko liburu berri baten argitalpena: Bertso Eskolak. Basque Improvisational Poetry Schools. Publikazioa, 90. hamarkadan Renoko Euskal Ikerketa Zentroak bertsolaritzaren inguruan inauguratutako ikerketa lerroaren baitan kokatu behar da -bertsolaritza aztertzen duen hirugarren irakurgaia da honako hau-. Center for Basque Studies departamentuko zuzendari Xabier Irujok, erakunde bereko ikerlari Larraitz Ariznabarretak eta unibertsitateko euskal liburutegiaren zuzendari Xabier Arrietak aurkeztu dute ikerketa berria gaur, astelehenarekin, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Haiekin izan da Miren Artetxe bertsolaria eta egilea.

Oihana Iguaranek, Jone Miren Hernándezek eta Maialen Lujanbiok parte hartu zuten 2018ko biltzar “arrakastatsuan”, eta beste zenbait euskal-amerikar plaza-gizonekin bertsoak kantatu zituzten. Kongresuan behin eta berriz aipatu zen ideia bati tiraka, alegia, bertso eskolak izan direla emakumeei bertsolaritzaren ateak ireki dizkiotenak, gai honen inguruko bigarren kongresu bat egin behar zutela pentsatu zuten. Data ere jarri zuten: 2020ko apirila. Tamalez, ezin izan zen burutu pandemia zela eta. Handik hiru urtera kaleratu dute gai bera jorratzen duen ikerketa. “Bertso eskolak instituzio sozialaren ikuspegitik aztertu ditugu. Bertso eskolek bertsolaritzari egin dioten ekarpena zein izan den ikusi nahi genuen, baita gizarte mailan ere. Hau da, zer esanahia duen 15.000 pertsona, iazko abenduan Iruñean ikusi genuen bezala, literatur lehiaketa batean izatea. Egungo kontsumismo-gizartean horrek badu bere mezua”, azaldu du Irujok.

Arrietak, bere aldetik, liburu berri honek Euskal Herriko publikoarentzat bertso eskolen ekarpenaren inguruko “sintesi bat” eskaintzen diola gaineratu du. Are gehiago, ingelesez idazten den literatura akademikoarentzat ere ekarpena badela, “ez bakarrik bertsolaritzari edo bertso eskolei dagokionean”. Zentzu horretan, bertsolaritzaren esperientzia oinarri hartuta, liburua ahozkotasuna eta aldiberekotasuna ezaugarritzat dituzten beste “tradizioentzat” ere lagungarri izan daitekeela ebatzi du liburuzainak. “Gure kultura ingelesera ekarri ahal izatea pribilegioa da. Ez zertzelada potoloekin, ñabardurekin baino”, gehitu du Ariznabarretak; eta jarraian aipatu du, Estatu Batuetako publiko “zabal batentzat” pentsatutako artikulu bilduma osatu dutela, eta “beste eremu batzuetatik inprobisaziora begiratzen dutenentzat” ere idatzi dutela.

Artetxek gogora ekarri duenez, Bertso eskolak 70-80ko hamarkaden inguruan sortu ziren, “euskararen eta euskal kulturaren biziberritze mugimendu orokorraren baitan” eta gaur egun arte iraun badute, mugimendu horren barruan garatu direlako izan da. Eskola hauek “etengabe” uztartu izan dituzte esperimentazioa, sistematizazioa, horien gaineko hausnarketa eta dibulgazioa. Ikerketa honek ere badu horietatik guztietatik zerbait, are gehiago, asteroko dinamikez harago, gelditu eta bertso eskolak egiten ari direnaren inguruko hausnarketa sakonagoa ahalbidetzen duelako. Gainera, Renoko Unibertsitateak sustatutako liburuak, Artetxeren iritziz, “bestelako ikerketa komunitateekin” elkarrizketa errazteko baliagarriak ere badira. “Halakoek gure buruari lore batzuk bota, arantza batzuk ikusi, eta horrekin zer egingo dugun erabakitzeko oso baliagarriak dira”, esan du.

Edukiak

Parte-hartzaileei dagokionean, Beñat Krolem artistak egin du azaleko diseinua. Oihana Iguaranek, berriz, transmisioa eta gordetzearen inguruko atala idatzi du. Eskualdetako bertso eskolen inguruko analisia Jone Uriak prestatu du. Miren Artetxe bertsolariak Iparraldean jarri du soa, eta Julio Sotok bere esperientzia pertsonalaren ekarpena egin du, baita Maialen Lujanbiok ere. Liburua Ariznabarretak idatzitako “oda” batekin ixten da, liburuari “amaiera goxoa” emanez. “Artikulu sakon eta zirraragarriez beterik dago liburua”, esan du Center for Basque Studies erakundeko ikertzaileak. Horren harira, Ariznabarreta bere ekarpenaren inguruan aritu da: “Bertso eskolak, beste maila batzuetan gertatutakoaren antzera, instituzionalizazioaren isla izan direla erakutsi nahi izan dut”. Eta horri tiraka, bertso eskolak transmisioan izan duten indarguneaz aparte, Euskal Herriaren “bilakaeran zein ekarpen egin dituzten” ere aztertu du.