Jose Antonio Loidiri (Errenteria, 1916-Irun, 1999) zor dio euskal literaturak lehenengo nobela beltza idatzi izana. 1955. urtean, frankismo bizian, bere poltsikotik finantzatutako 1.000 aleko edizioa egin, eta Hamabost egun Urgainen argitara eman zuen Loidik, Zarauzko Itxaropena zigilupean. “Mugarria izan zen”, aipatu du Ereingo editore Uxue Razquinek. Hain zuzen ere, argitaletxeak edizio berria ekarri du, obraren zenbait ertz eguneratuta. Ereingo iraganeko edizioko José Luis Nabaskuesen ilustrazioak alde batera utzi dituzte eta, horrez gain, Cristina Fernándezek diseinatutako azal berria ipini diote. Are gehiago, katalogoan ere aldaketak egin dituzte eta, hemendik aurrera, alegiazko Urgain herrian gertatzen den ikerketa poliziakoa kontatzen duen liburua, Uzta Gorria sailera pasa dute, Ereinek genero beltza lantzeko erabiltzen duen atalera hain zuzen ere.

Euskarari dagokionean ere, testua goitik behera aztertu dute. Autoreak jatorrizko bertsioa idatzi zuenean, artean ez ziren euskara estandarraren arauak finkatu. Gainera, gerora etorri ziren edizio askotarikoek testuaren hala nolako degradazioa ere ekarri zuten, 90. hamarkadan euskara batuko testua iritsi arte. Gauzak horrela, Ereinek jatorrizko edizioetara jo du, baita 60. hamarkadan katalanez argitaratutako bertsiora ere, testua findu, akatsak zuzendu, eta gaur egungo irakurleek arazorik gabe disfrutatzeko prosa prestatu du.

Genero beltzean eskarmentua baduen Jon Alonsok idatzi du berrargitalpen honetako aitzin solasa: Alonsok eta Razquinek iragan asteazkenean aurkeztu zuten edizio berria, Donostian eskainitako prentsaurrekoan. Garaiari erreparatuta, liburu “heroiko” bat izan zela iritzi du Alonsok. Gerra aurreko idazle-belaunaldi guztia desagertuta zegoen, erail zituztelako edota ihes betean alde egin behar izan zutelako; beraz, Loidik, Juan San Martinek, Nemesio Etxanizek eta Koldo Mitxelenak, besteak beste, osatu zuten “Katakunbetako belaunaldiak” ez zuen erreferente hurbilik; hari horri tiraka ondorioztatu zuen Alonsok, Arthur Conan Doylen eta Agatha Christiren lanak ezagutzen zituela Loidik, baina, bereziki, Georges Simeonek sortutako Jules Maigret komisarioa izan zuela erreferentzia nagusi-. Euskarak, gainera, jazarpen gogorra pairatzen zuen orduan, hizkuntza horretan publikatzen ziren “apurrak” Hego Amerikako argitaletxeen bitartez egiten ziren eta, aipatu den legez, jada ez zegoen estandarrik: “Normalena izango zen horrelako libururik ez izatea”. Halere, Loidik “oztopo” guztiak gainditu zituen.

José Antonio Loidi, zientzia eta literatura

Loidi, ogibidez, farmazialaria zela gogora ekarri zuen Alonsok eta, literatura-sorkuntzaz eta euskal kultura sustatzaile izateaz harago, bere garaiko gizartean esparru zientifikoan idatzitako artikulu eta liburuengatik ere nahikoa ezaguna izan zela. Ezagutza zientifiko hura eleberri honetan ere -ez zuen inoiz bestelako fikziorik landu- topa liteke, adibidez, Martin Garaidi detektibeak Urgainen aurkitutako gorpuzki bati Karbono-14aren froga egiteko eskatzen duenean. “Hori 1955. urtean oso kontzeptu modernoa izango zen”. Halere, beste zehaztapen bat ere egin nahi izan zuen Alonsok: “Detektibea dela guk diogu, Loidik ez baitu hitz hori behin bakarrik ere aipatzen. Ziurrenik , garai hartan, detektibearen figura bera ere guztiz arrotza zelako”. Detektibea ez bada, zer da orduan Garaidi? “Bere kabuz lapur eta eraile bila ibiltzen den pertsona bat”.

Loidik berak fikzioa alde batera utzi bazuen ere, Alonsok nabarmendu zuenez, beste batzuek segi egin zioten idazleak irekitako bide horri. Horien artean, Mariano Iceta, Gotzon Gereño eta Xabier Gereño. “Loidik jarraitzaileak izan zituen garai hartan, eta aurrerago beste asko etorri dira”, gaineratu zuen.