“Ezagutzaren” ondoren omen dator “maitasuna”. Maitasunaren bidetik, aldiz, “zaintza”. Axioma horri jarraiki, SUA argitaletxeak Adi Natura, hiru eta hamabi urte bitarteko umeentzako liburu bilduma sortu du, haurrek Euskal Herria “zentzu zabalean” ezagutu eta maitatzeko helburuarekin. Lehen hiru liburukiak, Narrasean, Nork hildu trikua? Eta Gazte naturalisten koadernoa, liburu-dendetan eskuragarri daude jada, eta datorren urteari begira badabiltza beste hiru obrekin lanean. Katti Olaizolak, Jon Patxi Aiastuik eta Patxi Caballerok ondu dituzte lehenengo biak; Koadernoa, aldiz, Jonathan Rubinesek osatu du. Ingurunea modu zabalean hizpide izango duen arren, kultura eta ondarea bezalako gaiak ere jorratuko ditu Adi Naturak, beti ere hurbilketa “dibertigarri” batetik. Horixe azaldu du SUAko editore Argiñe Areitiok gaur, asteartearekin, Aranzadiren Donostiako egoitzan bilduma aurkezteko antolatutako prentsaurrekoan. “Gure asmoa liburu hauek liburu dendetan egotea da, eta ikastetxetan ere erabilgarriak izatea”, esan du editoreak. Horretarako, kontakizunez harago, jolas-moduko ariketa, puzzleak eta misterioak ere ezinbesteko osagaiak dira.

“Guretzat ere prozesu dibertigarria izan da”, gaineratu du Katti Olaizolak. Sei eskuetara sortu du Narrasean, hiru eta sei urte dituzten umeentzat pentsatutakoa. “Bidaia bat” proposatzen duen liburutxoa da, hurbilen duten ingurunetik abiatuta, hau da, etxetik parkerainoko bidean “deskubritu” ditzaketen gauzen gainean soa jartzen duena. “Batzuetan, natura oso urruti dagoen zerbait dela uste izaten dugu, baina gure ondoan eta gure etxeetan ere, hortxe dago”, azaldu du. Narrasean ipuintxo txiki batekin hasten da, ahozkotasunaren transmisioa ere egile eta editoreen beste helburuetako bat izan delako; gero, pista batzuen bitartez, bidaia horretan zein animalia topa daitezkeen ikasiko dute.

Nork hildu trikua? Haur helduagoentzat pentsatu dute. Zortzi eta hamar urteko umeek buruari eragin beharko diote, puzzle eta pista-jolasen bitartez liburuaren izenburuko galderari erantzuteko: “Umeengan gehiago jakiteko gogoa piztu nahi dugu eta, horretarako, erantzunak planteatu baino, galderak proposatu ditugu”. Narrasean liburuan Euskal Herrian etxetik begiratzeko aukera paregabea den bezala, Nork hildu trikua?-n ikerketa eremua zabaldu egin nahi izan dute egileek, lurraldea bere osotasunean hobeto uler dadin, klima aldaketa edo uraren zikloa bezalako gaiak jorratuz.

Azkenik, Gazte naturalisten koadernoa. Basoko sekretuak liburuak horixe bera proposatzen du, mendira joaterakoan flora eta faunari buruzko gida-liburu bat, zenbait ariketa dibertigarri ere badituena. Jonathan Rubinesek idatzitako lan hau lau eta hamabi urteko umeentzat pentsatutako koadernoa bada ere, gurasoak ere horrekin “gozatuko” dutela eman dute aditzera.