EHUk ekainaren 29 eta 30erako Donostian antolatu duen udako ikastaroan, Anjel Lertxundi idazle egile zarauztarraren ibilbide “poliedrikoari” begirada zabala eskainiko dio, Gainera, Anjel Lertxundi: idazlea eta obra saioaren aperitibo gisa, Zarauzko Udalak Kulturaren Urrezko Dominarekin errekonozituko du Otto Pette eta Hamaseigarrenean aidanez nobelen egilea. Sari ematea ekainaren 20an ospatuko da, udaletxean aurrena eta jarraian Modelo Aretoan. Halere, Zarauzkoa ez da aurten jasoko duen lehen aitortza. Otsailean Tolosako Ahoz Aho jaialdiak ohorezko saria luzatu zion, eta beste horrenbeste egin zuen handik hilabetera Bilboko Gutun Zuria jaialdiak. “Anjel Lertxundiren urtea da aurtengoa”, dio Euskal Literaturan doktore Alexander Gurrutxagak. Ikertzaile zarauztarrak osatu du, Beatriz Zabalondorekin batera, Udako Ikastaroaren programa. Urte luzeko ibilbide oparoaren ostean, EHUko irakasle hauei harrigarria iruditzen zitzaien Lertxundiren lana aztertzeko kongresurik inoiz egin ez izana. Hainbat artikulu solte badiren arren, Gurrutxagaren esanetan, “hutsune handia dago” ikerketari dagokionean: “Desoreka handia dago Lertxundik egin duen lanaren eta mundu akademikoak eskaini dion begiratuaren artean”.

Bereziki eleberrigintzaren alorrean ezaguna bada ere, Anjel Lertxundik ekoizpen literario askotarikoa landu du. Kazetaritzan jardun izan da, baita saiakeran, irakaskuntzan, poesian, haur literaturan eta zinemagintzan ere. Haren hegi guztiak aztertzeko asmoz, Gurrutxagak eta Zabalondok haren obra ondo ezagutzen dutenekin osatu dute programa, ikerlarien eta letren unibertsotik datozenen arteko oreka bilatuz. Mundu akademikoan Lertxundiren jardunaren inguruan “hutsunea” dagoenaren seinale, behin proposamena jasotakoan parte-hartzaile guztiek baiezkoa eman zutela azpimarratu du Gurrutxagak.

Ikastaroaren zuzendarien interbentzioaz harago, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriaren eskutik egingo da inaugurazio instituzionala. Bi eguneko jardunaldi horietan, besteak beste, Jorge Giménez Bench Alberdaniako editoreak, Beñat Sarasola eta Juan Kruz Igerabide idazleek, Antton Olariaga ilustratzaileak eta Andoni Egaña bertsolariak hartuko dute hitza, Lertxundiren lan “poliedrikoari” diziplina anitzeko hurbilketa eskaintzeko. “Guztiek transmititu digute bazegoela horrelako zerbaiten beharra”, esan du ikerlariak. Hitzaldi gehienak helduentzako literaturaren produkzioan zentratuko badira ere, tankera horretako lehen kongresua denez ikuspegi “zabala” eskaini nahi izan dute, “panoramika moduko bat”. Horregatik, haur eta gazte literaturari buruzko mahai inguruak, bere zinemagintzari buruzko azalpenak eta autorea ezagutu dutenen testigantzak ere programatu dituzte. Bigarren egunean, ikastaroa ixteko, Danele Sarriugarte itzultzaile eta idazleak elkarrizketa egingo dio Lertxundiri.

Bestalde, horrelako ikastaro batek esparru askotariko hizlariak biltzeaz gain, publikoaren aldetik ere interes askotariko entzuleak erakarri ditzakeela uste du Gurrutxagak; berez, irakasle, ikasle eta ikertzaileentzat pentsatutako ikastaroa da, baina saio horiek, euskal literaturgintzan eta, konkretuki, autore gipuzkoarraren ekoizpenean jakin-mina duten herritarren topagune bihurtzea nahiko lukete. Are gehiago, Anjel Lertxundi: idazlea eta obra ikerketa berriak astintzeko abiapuntu ere izan litekeela uste du zuzendariak. “Espero dugu honek jarraipena izatea eta ea gero ikerketa espezifikoagoak etortzen diren, baina uste dut ikuspegi panoramikotik hasi behar dela, bere obraren aitortza eginez”, dio.

Anjel Lertxundi, “inkonformista”

“Ikerketek esan beharko dute zer nolako ekarpena egin dion Lertxundik euskal literaturari, baina argi izan behar dugu, Anjel Lertxundik eta bere belaunaldiak bidea egin zutela kasik halakorik ez zegoenean. Hau da, euskal literatur sistema oraindik ahula zenean hasi zirela obrak argitaratzen. Eta horiekin hasi zen sistema konfiguratzen. Esan genezake gure literatura garaikideak bidea egin duela Anjel Lertxundi eta belaunaldi-kideak diren idazleekin”, azaldu du Gurrutxagak, eta sistemaren garatze horretan Lertxundik egindako ekarpen “paraleloak” ere nabarmendu nahi izan ditu. “Anjel Lertxundiren obra hartzen baduzu, ikusiko duzu nola alor bakoitzean -kazetaritzan, haur literaturan, zinemagintzan...- bere alea jarri duen”, azaldu du.

Idazle oriotarrak mende erdiko obra oparoa du. 1970. urtean kaleratu zuen bere lehen liburua, Hunik arrats artean, eta urtebete geroago Ajea du Urturik. Tristeak kontsolatzeko makina-rekin, berriz, 1980. hamarkada ondorengo haur eta gazte guztiak alaitu zituen. 1983. urtean iritsi zen bere obra gorenetako bat, Euskadi Literatur Saria eta Kritikaren Saria jasoko zituen Hamaseigarrenean aidanez. Otto Pette, beste eleberri azpimarragarrietako bat, hamar urte geroago heldu zen liburu-dendetara. Bien bitartean, Tobacco days (1987), Carla (1989) eta Kritikaren Saria irabazi zuen Kapitain Frakasa (1991) argitaratu zituen, besteak beste. Aurrerago ere etorri ziren beste nobela arrakastatsu batzuk, esaterako, berriro ere Euskadi Literatur Saria eskuratzea ekarri zion Argizariaren egunak (1998), Jabi Elortegik zinemara eraman zuen Zorion Perfektua (2002), naziengandik Ihes Betean (2006) ibiliko zen gazte judutarraren abentura, eta genero indarkeriaren erretratua izan zen Zoaz infernura, laztana (2008). 2020. urtean argitaratutako Gilles de Rais da orain arteko bere azken eleberria.

Gurrutxagaren ustez, ibilbide literario zabal horren oinarrian, Lertxundi beraren “inkonformismoa” sumatzen da, hori litzateke bere ezaugarri nagusienetako bat, hots, “ez konformatu izana beti gauza bera egiten”, beti “bilatu baitu egiteko beste modu bat”. Zentzu horretan, literatura errealista, fantastikoa, dramatikoa, historikoa, umorezkoa eta popularra ere landu ditu. Horra hor bere “marka”: “Oso autoexigentea izan da. Ez du sortu adjektibo bakarrean bildu daitekeen literaturarik”. Iritsi da, beraz, hori guztia aitortzeko ordua.