Euskarazko obren sorkuntza bultzatzea helburu duen XXIII. Donostia Antzerki Saria Kamikaz Kolektiboak eta Ttak Teatroak ekoiztutako Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlanak eskuratu du. Gaur goizez, asteartearekin, eman dute jakitera tribunalaren epaia, Victoria Eugenia antzokian eskainitako prentsaurrekoan. Bertan, Kultura zinegotzi Jon Insaustik eta Arte Eszenikoen arduradun Norka Chiapusok eman dute epaimahaiaren erabakiaren berri. Haren aburuz, “antzezleek indarrez, umoretsu eta irudimenez beterik taularatu dute lana, eta edozein ideia eszeniko agertoki gainean gauzatu daitekeela erakutsi dute”.

Iraia Eliasek, Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizoak jasoko dute datorren martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Ramon Zuriarrain donostiarrak margotutako akuarela eta 12.000 euroko ordainsaria. Hirurak dira obraren sortzaileak eta beraiek dira taula gainean antzezlana defendatzen dutenak. “Hurrengo proiektuei begira oinarri baliagarri izango zaigu dirua”, esan du Eliasek, komunikabide honekin izandako elkarrizketan. Publikoaren babesa jaso ondoren, halako sari batekin aitortza jaso izanak lan onek “zerbait berezia” duela ondorioztatzera eraman ditu; “oso pozik” daudela aitortu du.

Gizonek idatzitako fikzioek eguneroko errealitatean zer nolako eragina duten aztertu dute Eliasek, Gaztañagak eta Olaizolak Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlanean, komediaren ikuspuntutik, beti ere. Datu esanguratsua eman du Amama filmarekin 2015. urteko Goya sarietarako izendapena lortu zuen aktoreak: mundu mailan, fikzio guztien %92 gizon zurien eskuetan dago: “haiek erabakitzen dute zenbat diru, zer ekoiztu, nolako pertsonaiak izango diren, zein klixe errepikatuko diren eta abar”. “Bistakoa den horrek nola eragiten gaituen planteatu nahi genuen. Sarritan mezu berberak behin eta berriz errepikatzen dira. Jasotzerako orduan, normaltzat hartzen dituzu eta, orduan sortzen dira zailtasunak maitasun erromantikoaren kontuarekin edo gizartean emakumeak izan behar duen paperarekin”, aipatu du Eliasek.

Obran bi espazio bereizten dira, fikzioari dagokiona eta errealitateari dagokiona. Eta horietan erakusten dira gizonen eta emakumeen irudikapenen arteko aldeak. “Argi dago fikzioaren bitartez oso modu interesatu jakin batzuk bultzatzen direla, idealetik eratortzen direnak: gorputz jakin batzuk, modu jakin batzuk, ideia jakin batzuk... Horiek guztiek eragin nabarmena dute gugan, harremanak sortzeko garaian horien araberakoak izan behar dugula pentsatzen dugulako eta arrastoa uzten digu”, azaldu du.

Inoizko daturik onenak

Donostia Kulturak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak euskarazko 25 lan programatu zituzten 2022an, azken urteetako daturik onenak lortuz. Eskainitako 52 emanaldietara 10.839 ikusle joan ziren, batez beste 208 ikusle joan ziren bakoitzera. Covid-19ren eraginez ikusle kopuruak behera egin ondoren, gaur egun, Gipuzkoako hiriburuan, euskarazko antzerkia “osasuntsu” dagoela azpimarratu zuten Donostia Kulturako ordezkariek.