2014. urtean lehen liburua argitaratu zuenetik, Ana Malagon harridurak jota bizi da. Horixe aitortu du gaur goizean, asteazkenarekin, Donostiako Zubieta liburu-dendan egindako prentsaurrekoan. Bertan, hiriburuko Kultura zinegotzi Jon Insaustiren eskuetatik jaso du Gipuzkoako Liburu Denden Elkarteak ematen duen Zilarrezko Euskadi Saria. Hiru izan dira aurten liburu sarituak: Ana Malagonen Ez dakit zertaz ari zaren ipuin sortaz gainera, liburu-saltzaileek Delphine de Vigan idazle frantsesaren Las gratitudes nobela eta Teresa Valeroren Contrapaso. Los hijos de los otros komikiaren kalitatea ere aitortu dute.

Malagoni saria ematerako garaian, “apaltasunez”, irakurlearen azalean sartu da Insausti, eta “rol horretatik” donostiarraren hamabost ipuinak laudatu ditu esanez Malagonek “errez harrapatzen” zaituzten istorioak idatzi dituela. Zentzu honetan, Ez dakit zertaz ari zaren liburua “enpatikoa, hipnotikoa eta ironikoa” dela esan du: “Guztiok noiz edo noiz sentitu ditugun bizipen edo sentimenduak deskribatzen dituelako”.

Autore donostiarra umil agertu da prentsaren eta liburu-denden sektoreko ordezkarien aurrean. “Zilarrezko Euskadi Saria irabazi izanak harritu egiten nau oraindik ere”, esan du Malagonek, jarraian gehitzeko argitaratzen hasi zenetik harriduraz beteriko bidea jarraitu duela. Haren lanak, editoreengan, irakurleengan eta liburu-saltzaileetan sortutako interesa, zentzu zabalean, harriduraz hartzen du.

“Hari batetik zintzilikaturik bizi garen garai hauetan, liburu dendak inoiz baino beharrezkoagoak dira”, esan du idazleak. Hain zuzen ere, aitortu du egurats zabalari begira idatzitako ipuinak biltzen dituela saritutako liburuak, “babes faltaren” inguruko kontakizunak dira: “Liburu dendek hori da ematen dutena, aterpe hori”.

Harriduraren faseak

Berriro apal, bere obra errekonozitzeko garaian liburu saltzaileek zer ikusi duten ez duela ulertzen azpimarratu du: “Doluaren faseak badiren bezala, nik literaturaren munduan harriduraren faseak pasatzen ditudala esan ohi dut”. Idazketa prozesuari ekiteko nahiak harritu egiten duela esan du. Ez hori bakarrik, Xabier Mendiguren editoreak edo Iban Zaldua idazle eta lagunak bere testuak gustuko dituztela esaten diotenean zur eta lur geratzen da: “Ondo daudela esaten didatenean, berriro harritzen naiz”. Harridura nagusiena, aldiz, liburua gorpuzten denean omen dator, “objektua bihurtzen denean eta liburu dendetan ikusten duzunean”. “Flipatu egiten dut”, nabarmendu du. Malagonen laugarren harridura, hainbeste estimuluren artean, norbaitek bere lana irakurtzeko hartzen duen erabakian dago. “Harriduren zenita liburu honekin izan nuen, Zilarrezko Euskadi Saria jaso zuela esan zidatenean. Oso harritua nago eta oso eskertua, baita ere”, esanez amaitu du.