Donibane Garazin ospatu den saioarekin, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako lehenengo itzulia bere ekuatorrera iritsi da gaur. Bazegoen irrika berezia saio honekin, tartean aurreko edizioetako finalista eta 2003ko txapeldun nagusi izandako Amets Arzallusen lehenengo parte-hartzea zelako txapelketa honetan. Aunitzek irabazletzat ematen bazuten ere, Oihana Iguaranek puntu erdiko aldearekin garaipena eskuratu du, Jai Alai pilotalekua bete duten1.350 ikusleren aurrean.
Maila altua izan bada ere, saioak ez du guztiz goia jo gaurkoan: bertsolariak gora-beheratsu ibili dira tarteka eta saioa sartzea kosta egin zaiela sumatu da. Epaimahaiak eman dituen puntuetan ere nabaritu da hori, Elizondoko finalaurrekoarekin alderatuta apalagoak izan baitira orokorrean. Iguaran (688,5 puntu) eta Arzallusen (688 puntu) atzetik gelditu dira Nerea Elustondo, 628 punturekin; Asier Azpiroz, 616,5 punturekin; Haritz Mujika, 615 punturekin; eta Aitor Etxeberriazarraga, 612 punturekin.
Zortziko handian eta txikian lehenengo, puntutan eta seiko motzean aritu ondoren, saioaren amaieran eman du akaso bere onena zortzikoteak, ganbarako ariketan: “Azkenean probatu duzu, eta jabetu zara ez zela espero zenuena”, bota zuen gidari lanetan aritu da Zihara Enbeitak. Gaia zabala izanda, bertsolariek ertz desberdinetatik abiatzeko parada izan dute, eta ale ederrak utzi dituzte.
Garaipena bakarrik ez, eta Iguaranek finalaurrekoetako bigarren itzulirako pase zuzena eskuratu du gaurkoan. Hala, datorren azaroaren 19an Amurrion jokatuko den finalaurrekoan arituko da, joan zen asteburuan Elizondon garaipena eskuratu zuen Alaia Martinekin eta puntuazioz sailkatuko diren beste lau bertsolariekin batera. Bigarrenez aurkituko dira Martin eta Iguaran oholtza berean txapelketa honetan, izan ere, final-laurdentako saioan ere elkarrekin aritu ziren. Arzallusek, Elustondok, Azpirozek, Mujikak eta Etxeberriazarragak finalaurrekoetako gainontzeko finalaurrekoak bukatu arte itxaron beharko dute, eskuratutako puntuekin txapelketaren hurrengo fasera igaroko diren jakiteko.
Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta izan dira gaur bertsolarien lana baloratu duten epaimahaiko kideak.
Finalaurrekoetako hurrengo saioa azaroaren 5ean izango da Irungo Ficoban, 17:00etan. Kantuan ariko diren bertsolariak Ane Labaka Mayoz, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia, Miren Artetxe Sarasola, Nerea Ibarzabal Salegi eta Sustrai Colina Acordarrementeria izango dira