Iban Zalduak ipuina, eleberria eta kritika landu ditu, baina ipuinen eta istorio laburren alorrean nabarmentzen da. Bere lehen lanak 80ko hamarkadakoak dira, eta horietako batzuekin hainbat sari irabazi zituen, hala nola Patios (1987), Ciudad de Vitoria Saria eta Veinte cuentos cortitos (1989) IV. Gipuzkoako Diputazio Saria, adibidez. Laster aurkeztuko du bere azken lana, Ipuina engainua da. Aurrekoaren aldean bi berezitasun: bilduma potoloagoa dela eta aldi berean ipuin gutxiago dituela (17); beraz, istorioak ez dira hain laburrak; edo, zehatzago esateko, ohiko ipuin laburren ondoan, nobela laburren neurrira hurbiltzen diren istorio luzeagoak ere ondu ditu, ipuinaren muina mantenduz betiere. Gaiak, berriz, askotarikoak, Zalduaren unibertsoa osatzen dutenak gehienbat: bikote-arazoak, adulterioak, guraso eta seme-alaben arteko gorabeherak, kontu fantastiko zenbait (ohi baino gutxiago), zientzia-fikzio apur bat, sare sozialetako jardueraren parodia, gizarte-kritika (segregazio eskolarra dela, armagin-tza dela), pop musikaren mundua, eta baita metaliteratura ere, ipuinari berari buruzko teoriak barne.
Etzi, ‘Ipuina engainua da’ ipun bilduma berria aurkeztuko duzu. Zertaz arituko dira ipuin hauek?
–Ipuin bilduma bat da, eta, alde horretatik, eta nire obran ohikoa den bezala, askotarikoak dira gaiak. Badaude mamu-istorioak (mamu fantastikoenak baina baita mamu errealenak ere), badaude gurasoen eta seme-alaben arteko harremanen ingurukoak, amodioen eta desamodioen alorrekoak, Euskal Herriko garai politiko zaharrak eta oso gaur egunekoak ukitzen dituztenak, memoriari eta ahanzturari erreferentzia egiten diotenak, literatura bera dutenak erdigune... Dena den, badago, nire ustez, hari sotil bat lotzen dituena, izenburuak iradokitzen duena hain zuzen.
Zenbat istorio izango ditu liburu honek?
–Hamalau ipuin dira, hamabost kontrazaleko mikroipuina gehitzen badiegu. Liburu mardula denez, ipuinak nahiko luzeak direla esan nahi du horrek, nigan ohikoa dena baino luzexeagoak. Hori da, agian, bilduma honen bereizgarri nagusia, nire aurreko liburuekin konparatuta. Hori, eta agian konbentzionalki errealistatzat hartzen diren ipuinekiko jite nabarmenagoa.
Istorio berri bat sortzen duzun bakoitzean, nola bururatzen zaizkizu gaiak?
–Modu askotan, ez daukat metodo bat horretarako. Batzuetan eskera bat, enkargu bat izan daiteke pizgarria, imajinazioaren makineria martxan jartzen didana; halako bat edo beste dago liburu honetan. Beste batzuetan bizi izan dudan zerbait izan daiteke eragilea, edo kontatu didaten zerbait, edo irakurri dudan zerbait. Askotan halako bat baino gehiagoren konbinazioa da ipuinaren germena. Eta, halakoetan, beti gainean daramadan kaieratxo batean zirriborratzen dut sinopsia. Baina horrek ez du ideia hori ipuin bihurtzen: gehienak koadernoan geratzen dira. Gutxi batzuk pasatzen dira hurrengo fasera, obsesioarenera. Eta maila horretara iristen diren batzuk, azkenean, ipuin bilakatzen dira. Eta horietako batzuek baino ez dute libururako jauzia egiten.
Beraz, zure irudimenaren ondorio dira?
–Iturriak askotarikoak izan daitezke. Baina, ipuin bihurtzeko, denak pasatu behar dira irudimenaren galbahetik. Ez naiz esperientzia pertsonal hutsak kontatzearen zale. Literaturak hori egiten du: zentzu bat eman, norabide bat erantsi bestela anekdota hutsean gera zitekeen horri. Hori argi ikusten ez dudan arte ez naiz ipuina idazten esertzen.
Nori zuzenduta egongo da?
–Irakurle orori. 16 urtetik gora, nik uste dut edozein irakurle euskaldunek aurki dezakeela gustuko ipuinen bat bertan, zeren eta, esan bezala, istorio diferente ugari dauzka liburuak.
Esperientzia handia duzu idazle gisa, eta literaturari eskainitako bizitza. Nola gogoratzen dituzu lehen urratsak?
–Burura etortzen zaidan adjektiboa, hasierako garai hori gogoratzean, sukartsu da: sukarra banu bezala idazten nuen, sukar hori gainetik kentzeko alegia. Pasioaren antzekoa da, baina ondoezarekin nahastutako pasioa; orain esango nuke pasioa izaten jarraitzen dudala, baina ondoezik ez, edo ez hainbeste behintzat. Segurtasun falta, zalantza ere gogoratzen dut, lan bat editore bati bidaltzean edo lehenengo liburuak argitaratzean. Hori antzeko jarraitzen dut sentitzen: ezagutzen ditudan idazle gehienak ez dira segurtasun falta horretaz sekula libratzen.
Zer da liburu bat idazteko zailena?
–Ipuin bat edo nobela bat idaztean zailena, nik uste, tonu bat aurkitzea da, argumentuari egokitzen zaion tonu zehatz eta bakar hori topatzea. Horrek ematen dizkit buruhausterik handienak.
Eta zer da gehien gozatzen duzunaz?
–Idatzi duzunak erdi-konbentzitzen bazaitu, zuzenketa prozesua. Ahalegin handiagoa edo txikiagoa eska-tzen dizu, baina lehengaia ona bada, nahiz eta bost edo sei aldiz zuzendu beharra izan, badakizu aldi bakoi-tzean hobetu baino ez duzula egingo. Nik zuzentzen pasatzen dut hobekien.
Zenbat denbora eman duzu proiektu berri honetan lanean?
–Ipuin berriez osatutako aurreko liburua 2018koa izan zen, beraz, ia lau urte: azkeneko lau urtetan ida-tzitako ipuinak bildu ditut honetan.
Proiektu berrietan ari zara lanean?
–Beti dago gauzaren bat edo beste martxan. Ipuin batzuen gaztelaniazko autoitzulpenekin ari naiz, Madrileko argitaletxe batentzat. Eta supergizakien komiki-gidoi bat idazten Julen Ribas marrazkilariarentzat, baina supergizakiien komiki berezi bat, euskal gatazkari buruzkoa baita.