Gaurtik abuztuaren 26ra bitartean, Donostiako Tabakalerako Medialab sorkuntza laborategi-liburutegia eraikinaren kanpoaldera irtengo da, Zigarrinen plazako sarrerako magnolien ondoan dagoen espaziora. Medialabek hainbat jarduera eta eduki-aukeraketa eskainiko ditu bertan. Horrez gain, eta ohikoa den legez, helduentzako Udako Tailerrak ere eskainiko dituzte eraikinaren bigarren solairuan.

Medialab magnoliatan izenburupean, liburu, aldizkari, komiki eta jolas sorta ederrarekin gozatu ahal izango da abuztuaren 26ra arte. Gainera, Medialabek eskaintzen dituen aukera guztiak aprobetxatu ahal izateko, asteartetik ostiralera familientzako txoko bat egongo da, asteko egun bakoitzean jarduera desberdin bat eskainiz.

Esate baterako, astearte honetan hasita eta udako astearte guztietan, hiria, arkitektura eta espazioen antolaketaren inguruko gaiak jorratuko dira. Txoko horretan, astero, hiri baten hainbat maketa edo elementu eraikiko dituzte. Asteazkenetan, aldiz, sorkuntza artistikoa eta haren teknika ugariak izango dira hizpide, eta parte-hartzaileek erakusketa bat nola antolatzen den ikasi ahal izango dute. Ostegunetan argia eta soinua izango dira txoko horren ardatzak. Ostiraletan, gorputz adierazpenaren bidez jolasteko, sortzeko eta ikasteko jarduerak programatuko dira; adibidez, role playing, mimika edota dantza.

Itzalpean irakurtzeko, familian esperimentatzeko eta Medialaben zerbitzuez gozatzeko aukera izango da. Kanpoaldeko jarduera horiek, asteartetik ostiralera 10.30etik 19.30era eta larunbatetan 10.30etik 13.30era eskainiko dira. Eguraldi txarra eginez gero, jarduerak Medialaben ohiko espazioko hallean egingo dira Tabakalerako bigarren solairuan.

Bestalde, Medialabek udarako antolatzen duen programazio bereziaren baitan, uztailaren 5etik abuztuaren 26ra bitartean Udako Tailerrak eskainiko dira aurten ere zentroko bigarren solairuan. 16 urtetik gorako helduentzako tailer horiek lau egunekoak izango dira (10.30etik 13.30era) eta hainbat diziplinatako adituek dinamizatuko dituzte.

Eskainiko diren tailerretako batzuk hauek dira: Precious Plastic bilgunearen eraikuntza (uztailak 5-8, Mazedonia Diseinu Elkartea); Gorputzak eta marrazkiak (uztailak 12-15, Beatriz Setien); Baratze-hidroponiko ibiltaria (abuztuak 2-5, LURLAB Rural Makerspace); eta Stencil art (abuztuak 9-12, Balu). Izena aldez aurretik eman behar da eta bakoitzak lau euroko prezioa izango du. Tailerrak bigarren solairuko Medialaben egingo dira. Izen-emateak zabalik daude jada. l

Asteartetik ostiralera familientzako txoko bat egongo da, asteko egun bakoitzean jarduera desberdin bat eskainiz