Omako Baso berria uztailaren 25etik aurrera bisitatu ahal izango da, soilik bisita gidatuan eta aldez aurretik erreserbatuz gero, uztailaren 15etik aurrera 94 465 16 57 telefonora deituz. Pintatze lanak 2023ko udan amaituko dira, eta orduan irekiko da erabat jendearentzako.

Omako basoa gaixotu eta bi urtera, egindako terapia artistikoak fruituak eman ditu, eta lehen margolanek berpiztu egin dute Basobarriko kokapen berria.

Duela bi urte basoa krisialdi gogorrean murgildu zen Agustin Ibarrolaren Basoa hiltzen ari baitzen. 27 proposamen desberdinen artean Basobarriren aldeko hautua egin zen orduan. Duela gutxi Irrintzi Ibarrola artistaren semearekin batera ingurunea bisitatu berri duen Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia pozik agertu da lortutako konponbidearekin.

Ibarrolaren lanen lekualdaketa joan den astean hasi zuten. Horretan diharduen taldean artista plastikoak, zaharberritzaileak, Basalan foru enpresako basogintzako adituak eta EHUko espezialistak eta ikasleak elkar lanean dabiltza, Agustin Ibarrolaren obran aditua den Fernando Bazetaren gidaritzapean.

Aipaturiko talde horrek bi fasetan egingo ditu lekualdatze-lanak, aurtengo eta datorren urteko udarekin batera, baldintza meteorologikoek eragin handia baitute lan horien garapenean. Beraz, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuaren aholkularitza ere izan duen egitasmoak, bere lehen faseari ekingo dio orain.

Behin obra eta ingurune fisikoa ezagutzen zituzten adituei kontsulta egin ondoren, konponbiderik egokiena, Ibarrolaren jatorrizkoaren antzeko ezaugarriak zituen beste leku batera aldatzea zela erabaki zen. Hainbat aukera aztertu ondoren, azkenik, aurreko basoaren ondoko espazio bat aukeratu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak artista bizkaitarraren lana hartzeko, multzo piktorikoak jarraipena izan zezan. Agustin Ibarrola eskultore eta margolariak 1982 eta 1985 urteen artean sortutako artelan hori, Land Art izeneko joera garaikidearen barruan koka daiteke, eta euskal artearen ikur bihurtu dela esan genezake.

Jakintza eta esperientzia handiko eta diziplina anitzeko taldeak berehala ekin zion lanari. Agustin Ibarrolaren obran aditua den eta 2013 eta 2015 artean egindako zaharberritze-proiektuaren arduradun izandako Fernando Bazeta irakaslearen gidaritzapean, taldea bi artista plastikok, lau zaharberritzailek, Kontserbazio eta Zaharberritze Graduko bi ikaslek, euskal arte garaikidean espezialista batek, arkitekto batek eta Basalan foru enpresa publikoko basogintzako adituek osatzen dute. Eta bereziki nabarmendu beharrekoa da Agustin Ibarrola margolariaren seme José Ibarrola artistak prozesu osoan eskainitako laguntza. l