Jazzaldiak 57. ediziorako berrikuntzak iragarri zituen atzo, eta tartean gune berri bat izango du, Garbera merkataritza zentroan. Bertan, egunero doako bi kontzertu antolatu dira uztailaren 21etik 25era bitartean, horietako bost goizaldean eta Txikijazz haur zikloari atxikiak.

Jazzaldiaren hitzetan Ameriketako Estatu Batuetako zuzeneko soul talderik onenetakoa den Monophonics, eta soularen garaiko abeslari nabarmenen artean dagoen Ural Thomas izango dira, agertoki bi, bata barrualdean eta bestean kanpoan izango dituen esparru horretarako programatutako hamar kontzertuetako protagonista aipagarrienetako batzuk.

Bruce Barth piano-jotzaileak ere kanpoko emanaldietan parte hartuko du. Emanaldiak 20.00etan izango dira eta Broken Brothers Brass Band izango da jotzen lehena; 2006an Iruñean sortutako talde horrek New Orleanseko kale-taldeen soinua taularatzen du.

22an Ural Thomasek joko du; James Brown, Stevie Wonder, Otis Redding edota Etta James bezalako artistekin jardundako "mito" handi honek 40 kontzertu baino gehiago eskaini ditu Harlemgo Apollo Theatre antzokian. 82 urte izan arren taula gainean jarrai-tzen du The Pain taldearekin.

Monophonics taldearen hitzordua larunbata 23an izango da. Sortzez San Franciscokoa den talde horrek soula, funka eta rock psikodelikoa uztartzen dituen "denboraz kanpoko" soinua sor-tzen du, eta, Jazzalditik azpimarratu zutenez, euren ibilbideko 17 urte hauetan Estatu Batuetako zuzeneko soul talde onenetakoa bilakatu omen dira.

Hilaren 24an, Sara Mansilla abeslari eta gitarra-jotzaile donostiarraren txanda izango da, ohikoa duenez, jazz kantu originalak eta klasikoak uztartuz. Kontzertu horretarako propio prestatu duen errepertorioan gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez abestuko du, popa jazz doinuetara ekarriz, "emozioak modu zintzo eta zainduan adierazten dituzten" abestiak interpretatuz.

Jazzaldiaren azken egunean etorriko da Garberako agertoki berriaren agurra ere, Bruce Barth pianistaren hirukoteak itxiko duelarik. New Yorkeko eszenan hezitako kaliforniar horrek Stanley Turrentine, Terence Blanchard eta Stan Getz musikari entzute-tsuekin batera hasi zuen bere ibilbidea. Tony Bennetten taldeko pianista eta musika zuzendaria izan da, eta Spike Leek zuzendutako filmetako soinu bandetan ere parte hartu izan du.

Txikijazz saileko kontzertuak 12.30ean izango dira, Arima Soul, Carla Sevilla 5tet, Swingtronics, Lucia Fumero eta Les Fous taldeen eskutik.