- Musika Bulegoa Sariek bere seigarren edizioa ospatu zuten atzo arratsaldean Barakaldoko BECen. Azkeneko bi urteetako garai ilunak alde batera utzita, euskal musika panoramako sari garrantzitsuenek bere ohiko formatua berreskuratu zuten eta ekitaldia jai-giroarekin ospatzeko aukera egon zen. Zuzeneko emanaldiak ez ziren falta izan, normaltasunerako bidea irekita dagoela erakutsiz.

Sektoreko zortzi profesionalek osatutako epaimahaiak honako zortzi artista edo talde saritu ditu seigarren edizioan: Amak, Chill Mafia, Ether Ensemble, Ramon Lanzako, Gaur, Maite Larburu, Olatz Salvador eta Verde Prato. Bestalde, Trio Zukanek eskuratu du Etxepare Euskal Institutuaren Musika Saria euskal musika gure mugetatik kanpo zabaltzeko egin duen lanarengatik. Saritutako bederatzi proiektu hauek 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura jaso dituzte.

Gainera, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko zuzendaritza-ba-tzordeak sari berezia ematea ebatzi du Motxila 21 taldeari "bultzatzen duen elkartasuna eta musikarien arteko elkarlana eredugarria delako". Balio bera duten hamar sari hauen artean ez dago inolako kategorizaziorik. Hau da, irabazleek egin duten lana goraipatu nahi izan da atzo eman ziren aitortza hauekin.

Aurreko edizioetan bezala, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak, bertoko artista, talde edo musika proiektuek iaz burututako lanak saritu ditu eta 100 proposamen baino gehiagoren artean -proposamen hauen erdietan baino gehiagotan emakumeak izan dira buru- egin da aukeraketa. Sarien helburuak dira, besteak beste, euskal musikaren sektorea balioan jartzea, artisten lanak sustatzea, haien lanak ezagu-tzera ematea eta bultzatzea eta erakusleiho izatea.