- Iñigo Urkullu lehendakariak Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiaren papera goraipatu zuen atzo, "erreferente delako, Made in Euskadi-Basque Country musikaren tokiko eta nazioarteko proiekziorako".

"Sortu zenetik, Musikene erreferente bihurtu da goi mailako prestakuntzan, musika ikerketan, bere ezagutzaren gizarteratzean, dibulgazioan eta euskal musikaren tokiko eta nazioarteko proiekzioan", azpimarratu zuen Urkulluk, musika zentroaren hogeigarren urteurrena dela-eta Donostiara egindako bisitan.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlari-tzako Hezkuntza sailburua eta Miren Iñarga Musikeneko zuzendaria lagun izan zituen Urkulluk; musika "topaketarako gonbita" dela esan zuen, eta ikastetxe hori "Euskadiko zein nazioarteko beste hainbat erakunderekin lankidetza bultzatzeko gune bilakatu dela" goraipatu zuen.

"Biziki eskertzen dugu, zabalkunde unibertsalarekin batera tokiko sustraitzea dakarren kultura", adierazi zuen lehendakariak, eta Musikene "musika estimatzen eta maite duen herri baten apustu sendoa" dela azpimarratu zuen. "Pirinioen alde bietan abesten eta dantzatzen duen herria", azpimarratu zuen Urkulluk, Voltaire parafraseatuz.

"Musika gure bizitzaren parte da, gure oroitzapenetan eta ilusioetan bidelagun izaten dugu. Gure heziketaren, kulturaren, historiaren eta bizikidetzaren funtsezko elementua da musika", adierazi zuen.

Urteurreneko ekitaldian parte hartu aurretik, Urkulluk bisita gidatua egin zuen 2016az geroztik Donostiako Europa Plazan dagoen ikastetxeko instalazioetan zehar. Bertan, auditoriuma ikusteaz gain, ikasleekin eta irakasleekin hitz egiteko aukera ere izan zuen.

Zentroko Orkestra Sinfonikoaren eta Big Band taldearen entseguetan ere izan zen, bi talde horiek asteburu honetan bertan eskainiko dituzten kontzertuak prestatzen ari baitziren.

Musikenek graduko lau titulazio eskaintzen ditu gaur egun, eta aurtengo ikasturtean guztira 417 ikasle ditu; horietatik 312 gradukoak eta beste 105ak master eta graduondokoak, hamalau nazionalitatetako 163 irakaslek erakusten dituztelarik.

Bi hamarkadetako historian eskolatik pasatako 1.263 ikasletako asko interprete-lanetan dabiltza gaur egun Europako hainbat lekutako orkestretan; beste batzuk, aldiz, kontserbatorioetan eta musika-eskoletan irakastea hautatu dute.

Azken urtebetean, 294 kontzertu eta bestelako jarduera antolatu ditu Musikenek bertako auditoriumean, eta horiez gain, ikasleek batez beste 60 errezitaldi eskain-tzen dituzten urtero beraien egoi-tzatik kanpo. l