- David Trueba idazle eta zinema zuzendariak David Simon The Wire filmaren sortzailearen lana errepasatu zuen atzo Donostiako Crossover jaialdian. Bere iritziz, telesail honen moduko apustu ausartak, "gutxiengo batzuen gustuko izateko sortzen direnak" baitira, "arte modu guztiak aurrera eginarazten dituztenak".

Paloma Rando kritikariarekin batera hartu zuen parte Truebak jaialdian, Isabel Vazquezek moderatutako eztabaidan. Solasaldia amaituta, Simonen telesail berriaren kapitulu bat proiektatu zen, HBO Max plataformako La ciudad es nuestra.

Idazle eta zuzendariaren ustez, The Wire omen da historiako "telesail aipagarrienetako" bat, HBO kanala "oso ausarta" zen garaikoa delako, eta "gustu herrikoi zabaletatik ihes egin, eta erronka narratibo bat bilatzen zuten telesail batzuk egitea onartu zuelako". "Telesailak, narratiboki ez zeuden esparru berri batean kokatu nahi izan zituzten, eta lortu ere egin zuten Los Soprano eta The Wire bezalako lan bikainei esker", esan zuen Truebak.

Bere esanetan, azken urteotan ez da "maila horretako" serierik egin, "plataformen zentzu komertziala hedatu delako, eta sormena gutxiago". "Esango nuke, gutxiengo ba-tzuen gustua ase nahiak bultzatzen diola arteari aurrera; garaian garaiko algoritmoari jarraitu, eta gehiengo zabalen gustuko zerbait eginez gero, gehienetan, aurrez egindako zerbait egiten duzu, segurtasun handiagoa ematen duelako", hausnarketa egin zuen.

Sortzaileak orain "mugak" bilatu behar ditu askatasun sortzailea aurkitzekotan, nahiz eta batzuetan askatasun horrek "uko egitean" da-tzan. Simonek ekoiztutako eduki ausarten modukoak berriro sortu ahal izateko, "sortzaile izateko espazio" baten alde egingo lukeen "eta izen bat eraiki nahiko lukeen" plataforma bat sortu beharko zen.

Atzo aurkeztutako Simonen telesail berria, Baltimoren, sortzailearen jaioterrian, poliziaren ustelkeria kasu bati buruzko benetako gertaeretan oinarritzen da.