Gipuzkoako Foru Aldundiak, Fernando de Magallanes eta Juan Sebastian Elkanoren balentriari buruzko argitalpen berri bat egin du. Izan ere, urrari egindako lehen zirkunnabigazioa ezin da gertaera historikotzat aldatu, bai ordea, haren ikerketa beste modu batera egin. Oinarri hori abiapuntu hartuta bultzatu dute argitalpena.

Munduko lehen itzuliaren 400. urteurrena ospatzerakoan heroiak eta balentria handia izan ziren hizpide nagusi; bosgarren mendeurrena ospatzeko egindako liburu honetan, aldiz, ezagutza berriaren ekarpena bilatu nahi izan da, izaera dibulgatzailea bilatu nahian.

Mitoaz eta memoriaz haratago. Euskadi eta Magallanes-Elkanoren espedizioa lehen globalizazioaren testuinguruan izenburua duen argitalpen honetan, 2020an pandemiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan zen munduko lehen itzuliari buruzko nazioarteko biltzarrean parte hartzekoak ziren hamabi adituren lanak biltzen dira.

“Gertaera horietatik abiatuta, ez gabiltza mito edo kondairetarako iturri bila, ez eta gaizki ulertutako harrotasun nazionala indartuko duten kontakizunak sortu asmotan ere; aitzitik, horrelako gertaerek gaur egungo gizartean izan zituzten eta izaten jarraitzen duten kausetan eta ondorioetan murgildu nahi dugu”, azpimarratu zuen atzo Oscar Álvarez Gila Euskal Herriko Unibertsitateko Historiako doktoreak.

Atzo aurkeztutako argitalpen hau Alvarez gilak zuzendu du, Alberto Angulo Morales, Ana Zaballa Beascoechea, eta ekitaldian ondoan izan zuen Alvaro Aragon Ruanorekin batera. Rafa Zulaika Elkano Fundazioko proiektu-koordinatzaileak eta Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura diputatuak ere parte hartu zuten aurkezpenean; Millanek nabarmendu zuenez, Magallanes eta Elkanoren abentura “Historia betirako aldatu zuen, itsasoaren, zientziaren, eta gizakion nazioarte mailako mugarria izan zen”, eta gaur egun jada ez dago zertan “nazionalismoaren aurreiritziak berresten ibili beharrik”.

XXI. mendearekin bat datozen azterketa garaikideak dira, ikuspuntu desberdinetatik planteatzen direnak, ontzigintzatik eta historiografikotik hasi eta ingurumena eta generoa ere ukitzen dituztenak. Duela bost mendeko mundu maskulino horretan, Portoko Unibertsitateko Amélia Polónia portugaldarra, XVI. mendeko itsas gizarteetako emakumeen protagonismoan murgildu da. Berak azaltzen duenez, itsasoratu ziren gizonen faltan, emakumeek botere handia eskuratu omen zuten gizartean, hainbat enpresen ardura hartuz, baita itsas-erakundeekiko harremanena bera ere.