- La Polla Records taldeak Gasteizen egindako emanaldietan osasun-araudia ez betetzeagatik, Last Tour kontzertuen sustatzaileak 6.000 euro ordaindu beharko ditu, Osasun Sailak aurreikusitako zigorrik handiena; izan ere, sarreran ez baitzuen covid pasaportea eskatu, eta publikoaren zati batek ez zuelako maskararik erabili.

Bi emanaldi horiek abenduaren 17an eta 18an izan ziren Gasteizko Buesa Arena pabiloian, punk talde arabarraren agur-biraren barruan, agertokien gainean 40 urtetik gora eman ondoren.

Kontzertu horietara joandako Eusko Jaurlaritzako ikuskatzaileek salatu zutenez, covidaren aurkako araudia ez omen zen "inolaz ere" bete, bertaratutakoen artean "ez bai-tzen maskaren arrastorik ikusi".

Gertatutakoa aztertuta, osasun-araudian jasotako zigorrik handiena ezarri du Osasun Sailak, bi arau-hauste nabarmen egin baitziren: sarreran covid ziurtagiri digitala eta egiaztagiriak ez eskatzea eta maskara derrigor erabili beharra ez bete-tzea.

Eusko Jaurlaritzak gogora ekarri du garai hartan Euskadi osasun larrialdi egoeran zegoela, eta horregatik aplikatu duela pandemiaren kudeaketari buruzko legedian jasotako zehapen-prozedura, kontzertu bakoitzeko 3.000 euroko isuna ezarriz.

Abenduaren 17an, ostiralez, eskainitako lehenengo kontzertuan, irudietan garbi ikus daitekeenez, entzule gehienek ez zuten maskara jantzita; gainera, taldeak emanaldia eten egin zuen, covid pasaportearen eta txertoen aurkakoa den Bizitza plataformako bi ordezkariri agertokira igotzen uzteko, eta komunikatu bat irakurri zuten osasun-ziurtagiri hori gobernuek herritarrak "kontrolatzeko" neurri bat dela aldarrikatuz.

Zigorraren berri jakin ahala Last Tourrek Efe agentziari adierazi dionez, "prozesu honek eskatzen dituen bide legaletan lanean gabiltza".

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari zehapen horri buruz galdera egin zaionean adierazi du, legea behar bezala aplikatu dela, eta isuna ez dela ez "eredugarritzat" ez "eskastzat" hartu behar, "bidezkoa" dela "besterik gabe".