LUMAfest! literatur ekimena Aldundiak sortu du, "Gazteentzako eta gazteek sortutako" literatura sustatzeko asmoz, Harkaitz Millan Kulturako foru diputatuak atzo jakinarazi zuenez.
LUMAfest! -Young Adult Literatura Topaketak- Kultura Sailaren eta Koldo Mitxelena Kulturunearen ekimena da. Lehen edizio pilotua 2022ko otsailaren 9, 10 eta 11n egingo da, tokiko, estatuko eta nazioarteko egileek parte hartuko duten programa analogiko eta digitala uztartuz.
Egunero, lehen LUMAfest! honen eskaintza osatuko duten hiru generoetako oso "lan ezagunen" egileak egongo dira: genero erromantikoa, fantasia eta zien-tzia fikzioa. Elkarrizketak irekiak izango da, jendeak aktiboki parte har dezan, iritziak, kezkak eta iradokizunak elkarbanatuz.
Topaketaren lehen egunean La tinta que nos une liburuaren inguruko solasaldia izango da Paula Gallegorekin; elkarrizketa Amaia Garcíak egingo dio, eta liburu-sinadura ere egongo da egilearekin.
Hurrengo egunean eta ordu berean, topaketa birtuala egingo da Ronia Garberekin, Lobizona eta Ehiztaria liburuei buruz solasean; elkarrizketa Slawka Grabowska-k egingo dio gaztelaniaz. Hilaren 11ko topaketa Iria Parenterekin eta Senele Pascualekin izango da Olympus sagari buruz hitz egiteko; literatur lehiaketaren irabazleak ere orduan iragarriko dira, eta liburu sinadura ere egongo da Iria Parente eta Selene Pascualekin.
Hitzaldi guztiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira euskaraz nahiz gaztelaniaz. Zuzeneko streamingera sartzekotan, ezinbestekoa izango da doako gonbidapenak eskatzea.