- Baginen bagara erakusketa inauguratu du gaur Donostiako San Telmo Museoak eta 50 bat artistaren 120 artelan biltzen ditu, gehienak euskaldunak, baina bada Espainiako eta Europako beste leku batzuetakoen lanik ere. Emakumeek sortutako artea errebindikatzen du, historian zehar jasandako “ikusezintasunaren” aurrean.

Gainera, Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa, EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakasle eta erakusketaren komisarioek, emakumeen sorkuntza artistikoak artearen sisteman -bildumetan eta erakusketetan- duen presentziari buruzko ikerketa-lanaren dokumentazio ugari ere biltzen da.

Martxoaren 13ra arte zabalik egongo den erakusketa honetako piezak hiru bildumetakoak dira: San Telmo bertakoak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gordailua zentroan gordetakoak, bai eta Kutxa Fundaziokoak ere.

Bingen Zupiria Kultura sailburua, Harkaitz Millan Gipuzkoako eremu bereko foru diputatua eta Eneko Goia Donostiako alkatea izan ziren erakusketaren aurkezpen ekitaldian atzo, komisarioekin eta Susana Soto museoko zuzendariarekin batera. Baginen bagara. Emakume Artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak izenburupean, ikusgai dauden obra, material eta testuek, bilduma publikoen errealitatean sakontzen dute, bertan emakume artistek duten presentzia eta jaso duten tratamendua azter-tzeko, San Telmoko zuzendariak azaldu zuenez.

Izan ere, emakumeek “paper esanguratsua dute artearen sistemaren konfigurazioan” eta “atzeraezina” zen “orain arte sortu eta mantendu den sisteman emakumeek duten ikusezintasunari buruzko hausnarketa hau egitea”, argudiatu zuen Sotok, eta erakusketak, emakumeen artea “bere lekuan” jarriko duten “diskurtso eta politika berriak eraikitzen” lagundu nahi duela gaineratu zuen.

Besteak beste, Catharina Ykens belgikarraren XVII. mendeko olio-pintura bat, Hélène Feillet eta Blanche Hennebutte frantziarren XIX. mendeko litografiak, Cristina Iglesiasen 1998ko grabatu bat edota Ainize Txopitea donostiarraren iazko serigrafia bat ikusteko parada izango da. Inolaz ere, erakusketan margolanak dira nagusi, badira, ordea, eskulturak, grabatuak eta formatu berriagoak ere, hala nola instalazioak.

Bost atal handitan egituratuta dago, eta horiek, aldi berean, arlotan bana-tzen dira. Erakusketako lanek eta materialek hainbat gai planteatzeko bide ematen dute: bildumak nola osa-tzen diren, obra baten egilea nor den, zer heziketa artistiko jaso zuten edota nolakoa izan zen eta nolakoa den artea lanbide gisa.

Baginen eta Bagara ataletan multzokatutako atalik bada; autoerretratuari eta gorputzari eskainitakorik; geometria edota elkarrizketen moduko ikuspegi artistikoei buruzkoak; eta tarterik ere eskaini zaie “90eko hamarkadako eztanda”-ri.

Rosa Valverde, Marta Cárdenas, Esther Ferrer, Menchu Gal, Mari Paz Jiménez, Isabel Vera, Ángeles Marco, Sandra Tucci, Francesca Llopis, Elena Asins edota Itziar Okariz... atzoko eta gaurko artisten lanak daude ikusgai erakusketan, eta eskaintza erabat osatzeko, katalogoa ere argitaratuko dute.