Omako Basoak bizi berria izango du, ondoko lursail batera lekualdatuta

Agustin Ibarrolaren obra esanguratsuak 2022 udan zabalduko ditu ateak, 2023ko udan guztiz erakusgai izateko

25.09.2021 | 00:36
Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunak eta Kortezubiko Udaleko ordezkariak Agustin Ibarrolaren Jose Ibarrola semearekin izan ziren aste honetan Oman. Argazkia: BFA

Kortezubi – Urteetan zehar zenbait kokagune aztertu ostean, Bizkaiko Foru Aldundiak egungo Omako Baso Margotuaren ondoko lurzati bat aukeratu du Agustin Ibarrolaren obra hartzeko. Kortezubitik bertatik ez da aterako beraz, ezta Urdaibaiko Biosfera Erreserbatik ere. Busturialdeko eskualdeak bere altxorretako bat berreskuratuko du beraz, 2019 urteko apirilean lehendabiziko gune itxi behar izan ostean, pinuen gaixotasunaren eraginagatik. Bada, orduko kokalekuaren ondoan ezarriko den Basobarriko baso berria 2022ko udan irekiko dizkio ateak publikoari, "obretan eta irekita" gisa zabaltzeko asmoarekin. Artistaren lanak, bere osotasunean, urtebete beranduago ikusi ahal izango dira, 2023ko udan.

Bizkaiko ahaldun nagusiak, Unai Rementeriak, eta Agustin Ibarrolaren seme Jose Ibarrolak atzo eman zuten Bilbon aditzera basoaren kokaleku berria. Eta pozik azaldu ziren hasiera bateko galerari –artistikoa lehendabizi, baina baita naturala eta turistikoa ere– erantzun aproposa emateagatik. Aurkitutako konponbidea "biribila" dela adierazi zuen ahaldun nagusiak. Lursaila erosita, 13 hektareatako hedadura duena, Rementeriak azpimarratu zuenez "Basobarri obra berarentzako mihise berria da, lekua aldatzen da bai baina ez obra". Eta "Baso Margotuaren funtsa" izango duela gaineratu zuen, "bere arima manten-tzeko, Agustinen mezua manten-tzeko. Zuhaitzak aldatzen direla, bai, baina Ibarrolaren artea eta magia eta bere hizkuntza ez dira aldatzen, ez ingurunearekiko konplizitatea, ez gure iraganarekin eta orainarekin". Azkenik, kokaleku berriak "sormen-proposamena hartzeko baldintza morfologiko egokiak betetzen dituelako aukeratu" dela azpimarratu zuen, egokiak direlako eta adin onenean daudelako ere, 30 eta 35 urte bitartean; eta lurra ezin hobea delako pinturak Ibarrolak pentsatu zituen bezala ulertzeko.

Kokalekuaren aukeraketan berebiziko garrantzia izan dute zenbait kontuk. Tartean, eta akaso inportanteena izan litekeena, "Agustin Ibarrolaren artelana gordetzeko espazioak behar zituen gai artistikoak gailendu" direla. Gainera, espazioaren azpiegiturei, kudeaketari eta ikustera hurbilduko diren bisitariei buruzko beste gai batzuk aztertzeko aprobetxatu da. "Ez gara gelditu irtenbide perfektua aurkitu arte, ideala. 27 proposamen ezberdin erabili eta aztertu ditugu. Ahalik eta aditu gehienengana jo dugu. Eta Basoberriren aldeko erabakia hartu dugu. Edo hobeto esanda, Basobarri izan da erabakia gugatik hartu duena", zioen Rementeriak. Jose Ibarrolak, bestetik, eskerrak eman zizkion Aldundiko arduradunei, "inguruan hainbat buelta eman ostean". "Aukera ederra da, Agustinek egindakoa gutxietsi barik, berau osatzeko eta etorkizunerako uzteko", laburbildu zuen.

Egin beharreko lanei dagokienez, Aldunditik sarbidea berrerabiltzeko aukera izango dela jakinarazi zuten. "Eta orain arte erabilitako azpiegitura berberak erabiltzen jarraitu daitekeelako, Urdaibai eta Omako haran magikoa izaten jarraitzen duelako, eta asko hobetzen dugulako mantentze-lanak egiteko eta, batez ere, larrialdiei aurre egiteko irisgarritasunean", argundiatu zuten. Rementeriak gogoratu du urtean 100.000 bisitari izatera irits daitekeen "altxor kulturalaz ari garela". Bestalde, lanak eskatzen zituen ezaugarri artistikoek "berebiziko garrantzia izan dute espazio berriaren aukeraketan. Horregatik obra zuhaitzetan eta espezie bizietan islatzen jarraituko da, euskarria artelanaren beraren beste elementu bat bezala mantenduz". Bide batez, egoera fitosanitario onean dauden intsinis pinuak izango ditu Baso Margotu berriak bere euskarri.

Alternatiba guztiak ikuskatu eta ikertu ostean, Euskal Herriko Unibertsitateko adituek parte-hartzea izango dute, beti ere Ibarrolaren moldeetara egokituz. "Zehatzago, Baso Margotuan adituak direnek eta, bai kasu batean eta bai bestean Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren baso-gaietako adituek". Eta aurreikusitako epeei buruz, data bat eman dute lanekin hasteko. Kalkuluen arabera, "EHUrekin elkarlanean 2022ko maiatzean hasiko dira lehenengo multzoak margotzen", urte bereko udan "obretan eta irekita" gisa zabaltzeko asmoarekin; "ordurako multzo ezagunenak margotuta egongo dira eta obra Basoa publikoari irekita dagoela egiten jarraituko da. Lanak 2023ko neguan geldituko dira, eguraldiagatik, eta Omako Baso Margotuaren edertasun osoa berriz ere 2023ko udan erakusgai izatea itxaroten da".

noticias de noticiasdegipuzkoa