mirarte

Disneyren ekoizpenak euskaratzea eskatu dute

Eusko Legebiltzarrean aldarrikatu dute ekimen honen garrantzia

11.02.2021 | 00:43
Disney Plus Euskaraz plataforma Legebiltzarrean izan zen atzo.

donostia Helburu horrekin jaso ditu aldeko 5.500 sinadura Disney Plus Euskaraz plataformak, aipaturiko Disney Plusek euskarazko edukiak eskaini ditzan. Herri-ekimen honen ordezkariak Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean izan ziren atzo, beraien kezkak aurkeztu eta bitartekaritza instituzionala lortzeko asmoarekin.

Alexander Aginagaldek egin zuen atzo "ume euskaldunen eskubideen bermeak" defendatzeko aldarria. Zentzu honetan eskakizun nagusiak bi izan ziren: alde batetik, bai Euskal Herriko zinema aretoetan, bai Disney+ plataforman, bere ekoizpenak euskaraz eskaini ditzala eskatu diote The Walt Disney Company-ri; bestetik, instituzioei eskatu die, "bereziki Eusko Jaurlaritzari", Mickey saguaren konpainiarekin kontaktuan jar daitezela haur euskaldunen eskubideak bermatu eta zaintzeko.

Ekimena, azaroan jaio zen, Katalunian Disney+ plataforma katalanez jarri behar zutela iragarri zutenean; baina aldarrikapen hau ez da kontu berria. Aspaldiko urtetan, Eusko Jaurlaritzak, ETBren bitartez, gaztetxoentzako ikus-entzunezkoen bikoizketa gero eta gutxiago kontratatzen du. Ondorioz, Bieuse (Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea) elkarteko kideak greban daude orain bi urte, bikoiztutako orduen igoera aldarrikatuz.

Zer arazo dakarkie haurrei euskarazko ikus-entzunezkorik ez izateak? Erreferentzialtasunaren galera. 1980 eta 1990 hamarkadetako umeek Dragoi Bola, Dotakon eta Doraemon euskaraz entzuteko aukera izan zuten. Gaur egun, ordea, plataformen hazkundean jarri behar da begirada.

Aginagaldek zenbait datu esanguratsu eman zituen zentzu honetan: Netflixek eta Amazon Prime plataformen katalogo erraldoien artean euskarazko hiru filma baino ez daude. Filminen, euskarazko azpi-kanalean, 40 pelikula. Disney Plusen kasuan 500 film luze baino gehiago eta 3.000 seriez osatutako katalogoa du, baina horietako bakar bat ere ez dago euskaraz, nahiz eta Up bezalako lanak bere garaian bikoiztu. Gauza bera gertatzen da, adibidez, Netflixek bere katalogoan ikusgai dituen Chihiroren bidaia eta Ponyo itsaslabarrean animaziozko lanekin; euskaraz bikoiztu ziren baina bertsio hori ez dago eskuragarri. Eta hori gutxi balitz, multinazional zinematografiko horrek bereak ditu Marvel, Star Wars, Indiana Jones, Pixar eta beste hainbat saga eta ekoiztetxeen filmen eta telesailen eskubideak. Donostiako guraso talde batetik sortutako ekimenaren sustatzaileek argi daukate: "Frozeneko Elsak, Ice Age-eko Mannyk edo Star Warseko R2D2k euskaraz egiten ez badute, gaurko haurren gehiengoa ez da etorkizunean euskaraz biziko".

Aginagaldek beste adibide bat ere eman zuen gai honen garrantzia azpimarratzeko: pasa den abenduan, Disneyk Pixarrek ekoitzitako Soul pelikula estreinatu zen mundu mailan. Entzungai dauden bertsioen artean, katalanezko bertsioa ere eskuragarri dago nahi duenarentzat.

noticias de noticiasdegipuzkoa