Lehenengo galtza bakeroak Bergaran sortu omen ziren, eta Errenteriako Jantzi Museoa edo Getariako Cristóbal Balenciaga Museoa tokiko modaren lekuko esanguratsuak dira. Hala ere, egungo ehungintza enpresa multinazionalen eraginez gero eta zailagoa da bertakoa kon-tsumitzea. Mondragon Unibertsitateko LEINN (Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza) graduko hiru ikaslek sortu, eta abenduaren 23an Donostiako Aquariumean estreinatu zen Bertakoa iratzartzen dokumentalak Gipuzkoako modaren inguruko xehetasunak biltzen ditu, garai batekoa eta gaur egungoa alderatuz.

Mireia Arietaleanizbeaskoa, Ione Oyanguren eta Ander Gonzalez unibertsitateko hirugarren mailan daude eta sortu duten dokumentalaren helburua hasieratik izan dute argi. "Tokiko merkataritza sustatu nahi dugu", azaldu dio egunkari honi Arietaleanizbeaskoak.

Hala ere, dokumentala egitea ez zen hasieratik sortutako ideia. LEINN graduan proiektu desberdinak garatu behar izaten dituzte, eta konfinamenduaren aurretik, bigarren eskuko galtzei laser ebakitzailea erabiliz beste erabilpen bat ematea bururatu zitzaien, egutegiak egiteko adibidez. Baina konfinamendua iritsi zenean laser ebakitzailea unibertsitatean utzi zuten, eta hornitzaileek ere ezin zieten materialik eman. "Egoera ez zen egokia proiektu hori aurrera eramateko, beraz, Gipuzkoako ehungintzako marken egoera ikertzen hasi ginen eta guztiak egoera kritikoan zeudela jabetu ginen: ba-tzuk hornitzailerik gabe zeuden, itxialdiaren ondorioz bezerorik gabe, eta horri, jende askok enpresa handiei erosten diela gaineratu behar zaio", azaldu du Arietaleanizbeaskoak.

Hori guztia kontuan izanik pentsatu zuten ideia ona izango li-tzatekeela bertako denda eta diseinatzaileei ahotsa emango zien dokumental bat sortzea; beraiei laguntzeaz gain, Gipuzkoan modak historikoki izan duen garrantzia gaur egun ere sustatzeko. "Gipuzkoako Foru Aldundiak irailean dokumentala finantzatuko zigula esan eta berehala hasi ginen lanean The Badass Project ekoiztetxearekin; irudiak beraiek grabatu dituzte", adierazi du.

Dokumentala bi zatitan banatuta dago. Sarreran ehungin-tzak aurreko mendean Gipuzkoan izan zuen garrantzia azaltzen da Bergarako artxiboan, Errenteriako Jantzi Museoan eta Getariako Balenciaga Museoan egindako elkarrizketak hizpide hartuta. "Bergara izan zen emakumeei askatasun ekonomikoa eman zitzaien lehenengo lekua. Industria guztietan emakumeek egiten zuten lan eta pixka bat hori ere goraipatzen da sarreran", nabarmendu du.

Gainera, Errenteriako Jantzi Museoak garai batean jantzigin-tzarako zer material erabiltzen ziren eta Gipuzkoak modan nolako garrantzia izan zuen azaltzen du, Cristóbal Balenciaga diseina-tzailea adibidetzat jarriz. Jarraian Balenciaga museoaren sorrera kontatzen da eta baita Balenciaga hemen inspiratzeko Gipuzkoak zituen osagaiak zeintzuk ziren ere.

Bigarren zatian gure lurraldeko marka, denda eta diseinatzaile hasiberriei eginiko hamahiru elkarrizketa ageri dira eta honakoak dira elkarrizketatuak: Ouka, Maitia, Marta Arribas, Minimil, Isabel Zapardiez, Lorea Iturrarte (Lolo), Mr. Lazpiur, Slow bat by Tytti Thusberg, Lasai, Twin & Chic, Loreak Mendian, Pukas eta Laura Chamorro.

Elkarrizketa horietan tokiko marken egoera, euren etorkizuna, modaren joerak, arrakasta izateko giltzarriak eta covidaren eragina azter-tzen dira. "Marka bakoitzak bere lekukotza ematen du eta bakoitzaren iritziz tokiko merkataritzarekin zer gertatuko den azaltzen dute", esan du.

Proiektu hau diseinatzeko José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariaren eta Aitor Arregi zinema zuzendariaren laguntza ere izan dute. "Ez genuen espero eurek lagunduko zigutenik, baina harremanetan jarri ginen eta biek baietz erantzun ziguten, lagunduko zigutela. Dokumentala grabatzen hasi aurretik elkartu ginen eta gidoia nola egin azaldu, dokumental baten iraupen egokia zein den adierazi eta finantzaketa nola lortu ere azaldu ziguten", adierazi du.

Dokumentalean agertzen diren irudiak elkarrizketatu bakoitzak lan egiten duen tokian bertan grabatu dituzte. "Gertutasuna transmititu nahi izan dugu horrela, eta elkarrizketa entzuten dugun bitartean, irudien bidez, euren lana ikusteko aukera eskaintzen du", esan du. Lasai markak bulegorik ez duenez, Donostiako Mercure Monte Igueldo hotelean grabatu dituzte hari dagozkion irudiak.

"Horrez gain, Gipuzkoako paisaiak eta irudiak agertzen dira eta horiek grabatzeaz Gorka Ezkurdia arduratu da. Uretako argazkiak ateratzera eta dronarekin bideoak grabatzera dedikatzen da eta elkarrizketatuek lan egiten duten herrietan aritu da irudiak biltzen: Arrasate, Bergara, Zarautz, Getaria, Donostia eta Errenterian", zehaztu du.

Datozen egunetan beste bi aurkezpen saio ditu hitzemanda taldeak, eta nahi duenak joan ahal izango du dokumentala ikustera: urtarrilaren 22an Arrasaten izango da 14.00etan eta otsailaren 19an, Bergaran, 18.00etan.

Abenduaren 23an estreinatu bazen ere, beste bi aurkezpen dituzte antolatuta: urtarrilaren 22an Arrasaten eta otsailaren 19an Bergaran