Dani Martirena'amonarenean kea' bilduma ilustratuaren idazlea

Dani Martirena: "Haurren literatura desberdin baten aldarrikapen bat da"

03.01.2021 | 23:44
Dani Martirena kazetaria eta idazlea eta Ana Ibañez ilustratzailea, euren lan berriarekin. Argazkia: Utzitakoa

iruñea – Ana Ibañez ilustratzailearen eta Dani Martirena kazetari eta idazlearen lan berrian haurtzaroaren gozotasuna, amonaren etxeko epeltasuna, oroimena eta memoria uztartzen dira, Liburu Iletsuak zigilupean autoekoiztuta. Ale bat ere gehitu nahi izan diote bildumari, izan ere, helduei zuzendu eta irakurketa partekatu baterako parada eskaintzen duen bigarren kontakizun bat gehitu dute akaberan, 36ko gerrako samina gogora ekartzen duen errelatoa.

Ana Ibañez ilustratzailearekin batera plazaratzen duzun laugarren liburua duzu 'Amonarenean kea'. Kasu honetan, oroimena hartu duzue hizpide.

–Bai, oroitzapenak gehienbat. Irudi-tzen zitzaigun oroitzapenen edo oroimenen gaia ez dela sobera landu haur literaturan, badagoela hu-tsune hori. Aspalditik genbilen oroimenaren inguruko liburutto bat egiteko gogotan: orain dela bi urte, Anak Marrazioak izeneko ekimen batean parte hartu zuen, non oroi-tzapenak eta gastronomia uztartzen ziren. Handik ekarri zuen ideia, baita zirriborroak ere, igandero bere amatxiren bueltan elkartzen zirenekoak.

Amona dago kontakizunaren erdigunean, memoriaren transmisioaren figura nagusi bezala akaso?

–Bai, amonaren irudia, sukaldea bera ere... Etxe guztietako bihotza izan daiteke sukaldea, etxe guztietan badago plater jakin bat modu zehatz batean prestatzeko ohitura. Hori ere aditzera eman nahi genuen, etxe guztietan badagoela sukalde bat, sukaldean zapore bat, sukaldetik lurrin bat, etxeko tximiniatik kanpora egiten duen ke berezi bat.

Hortik izenburua, 'Amonarenean kea'.

–Bai. Hasiera batean, liburuaren izenburua Amonaren sekretua izan behar zen. Borobilagoa agian, baina hain borobila hamaika liburu daudela izenburu horrekin. Horrexegatik jo genuen bigarren honetara. Kearen irudia ere iruditzen zitzaigun nahiko hauskorra, kea ere hauskorra denez. Borobilagoa dirudi, orain, bigarren honek.

Kea, sukaldea, amona, memoria€ Sinbolismoz josi duzue bilduma, ezta?

–Nik uste heldu batek hori guztia ikusi dezakeela, bai. Haur bat, seguraski, lehenbiziko irakurketa horrekin geldituko da: zein dibertigarria den igande batean amonarekin sukaldean aritzea, etxean gurasoekin ez bezala labana hartu eta jakiak moztea, arrautzak hautsi eta sukaldean bazterrak nahasten ibiltzea... Bigarren irakurketa batean, eta batez ere helduen ikuspegitik, beste sinbolismo guzti hori iradoki, behintzat, iradokitzen da, etxeko epeltasun hori. Oroitzapen txikienetan dago, nolabait, memoria handienaren oinarria.

Mariasun Landaren aipu bat gehitu duzue ipuinaren bukaeran. Laburbilduz, haurren literaturan gai gogorrak ere landu daitezkeela aditzera ematen du bertan. Asmoen deklarazio bat?

–Erabat. Oroimenaren aldarrikapen moduko bat bai, eta haurren literatura desberdin baten aldarrikapen bat ere. Literaturak adierazteko modu guztiak behar ditu: gero eta gehiago izan, gero eta hobekiago. Gure lehenengo liburuan hipoteka hartu genuen gai nagusitzat. Badakigu ez dela haurrentzako ohiko gaia baina, zoritxarrez, haurrek badute hipotekaren berri. Ziurrenik, gainera, hemengo haurrek gehiago jakinen dute hipotekaz elefanteetaz baino. Izan ere, ez gara elefanteetaz inguratuta bizi, bai ordea hipotekez. Mariasun Landak erraten duen bezala, edozertaz hitz egin daiteke haurrekin, haien mailara noski, baina edozertaz.

Hitz egin daiteke eta hitz egin behar da?

–Hori da. Ni eskolan nintzen garaian, 36ko gerra ikastea tokatzen zen bakoitzean uda hasten zen. Hau da, ez genuen sekula ikasi 36ko gerra. Eta orain dela gutxiko gertakaria da. Entzuten ditugunak entzunda zenbait ordezkari politikoren aldetik, ez dakit ez ote den antzeko zerbait errepikatzen ariko. Hori guztia gure haurrei azaldu beharrean gara.

Hortik bilduman bigarren istorio bat sartzeko ideia?

–Printzipioz, liburua ipuinera mugatu behar zen. Gure asmoa argazki bat hartu eta atzeko aldean errezeta bat idaztea zen, kontakizunean adi-tzera ematen den bezala. Baina egun batean Interneten nenbilela, ipuinean Itsasoan garia izendatu dugun istorio hori aurkitu nuen. Agian memoria historikoaren bueltan daudenek ezagutuko dute baina nik ez nuen ezagutzen. Argazkian, irakaslea agertzen da eta inguruan ikasleak: bai tamainaz, bai orrazkeraz eta itxuraz ere, Anak ipuinarentzat ilustratu zituenak ziruditen. Lehenengo, argazkia erabili ahal izateko eskubideak lortu genituen. Antoniren istorioak hainbertzeko indarra zuenez, beste kontakizun bat eska-tzen zuen, horregatik erabaki genuen bigarren kontakizun bezala sartzea: helduek irakurtzeko eta irakurketa partekatu horretan haurrei ahal duten moduan eta egoki ikusten duten moduan kontatzeko.

Liburu Iletsuak zigilua sortu duzue zuen lanak plazaratzeko.

–Bai, zigilu hori erabiltzen dugu beti autoeditatzen dugunean. Hankaz gora du amak mundua, Jonek Jone izan nahi du eta Amonarenean kea zigilu honekin atera ditugu; eta Cosimoren katiuskak, Etxepare saria irabazi zuenez, Pamielarekin argitaratu zen. Etxe bat eman nahi genien gure liburuei.

Autoekoizpenaren mundua ez da erraza€ Zer nolakoa izan da esperientzia?

–Badu gozotik eta gazitik. Gozotik, zuk erabakitzen duzulako hasieratik bukaerara arte azala, liburuaren neurria, paper mota, letra tipoa€ Horrek guztiak ilusioa ematen dizu, baina dirua ere eskatzen du. Polita da, baina neketsua ere. Zuk banatu behar duzu, zuk eman behar duzu liburuaren berri. Horrek ematen dizu ere gozotik, azken batean ume ttiki bat bezalakoa delako liburua, eta zuk zeuk zaintzen duzu inork baino hobekiago. Nahiz eta jakin zaila den eskaparate batean bazterretik sortu den horrelako liburu bat aurkitzea€

Banatzerako orduan, argitaletxearen babesa nabaritzen da.

–Bai, argitaletxeek betiere bertze presio bat eragin dezakete handik edo hemendik liburu hori ezagutzera emateko. Guk, bazterretik sortutako lana dugu. Baina egia da aurreko hiru bildumetatik bi horrela egin ditugunez, eskarmentua badaukagula. Beldurra ematen digu baina ez erabateko beldurra. Euskadi Literatura Sarietan, haur literaturaren sailean, aurreko hiru liburuak izan dira hautagaiak, eta hori ere nabarmen-tzekoa da. Harrera oso ona izan dute hiruek. Jonek Jone izan nahi du, adibidez, atera eta segituan agortu zen. Ez dugu indarrik bigarren edizio bat egiteko beraz, liburua daukanak, zorioneko.

'amonarenean kea'

Laburpena. Haurtzaroaren gozotasuna, amonaren etxean ezkutuan den sekretua, oroimena eta memoria daude aletuta. Helduek eta haurrek gozatzeko modukoa, sekretutik sekretura, oroitzapenetik oroitzapenera izan ginenaz eta garenaz hausnartzeko irriz zein malkoz.