Ahaldundutako emakumea zen Foixeko Katalina. Paradoxikoa iruditu dakiguke adjektibo “boteretsua” Nafarroako erregina bati egoztea, baina, zalantzarik gabe, egokia da, bereziki, historiaren ilunabarretan murgiltzen garenean. Katalinak zuen koroaren pisuaren zilegitasuna, Albreteko Juan, berriz, errege-ezkontidea zen bakarrik, gogoratu zuen atzo Donostian Nabarralde Fundazioko zuzendari Angel Rekaldek.

Gizartearen zati handi batek fikzio historikoei “epikotasun maskulinoa” eskatzen dion garai hauetan, Nabarraldek galdera bat luzatu du: zein da monarka batek gobernatzerakoan izan dezakeen kostu pertsonala? Fundazioak itaun horri erantzun nahi izan dio Foixeko Katalinari eskainitako komikiarekin. “Munduan Medicitarrak agertzen ziren bitartean, Nafarroan Errenazimenduak emakume-aurpegia zuen”. Esaldi honekin Angel Rekalde tolosarrak eta Ainara Azpiazu Axpi Bi autoreek euskaraz eta gaztelaniaz argitaratutako Foixeko Katalina aurkeztu dute Koldo Mitxelena Kulturunean.

1512ko uztaila da, Gaztela Nafarroa inbaditzeko atarian dago, gerra eta konkista hurbil daude. Foixeko Katalina eta Albreteko Juan dira herrialdeko buru; lau urteko seme Frantzisko gaixorik dago, oso larri. Joseba Asironek kontatutako ideia bati tiraka, Rekalde izan da obraren gidoilaria eta Azpiazuk, bere aldetik, “garatu” du lana.

Marrazkilariak paralelismo bat ezarri nahi izan du erreginaren galera pertsonal eta politikoaren artean, “metafora” ilustratu bat. Zentzu honetan, Nafarroako erreinuaren gainbehera hurbiltzen zen heinean, Frantziskoren gaixotasuna gaiztotzea islatu du. 1512ko uztailaren 25ean, Gaztelako esanetara Albako Dukeak Iruña armaz hartu zuen egun berean hil zen Katalina eta Juanen semea Irunberriko gazteluan. “Erregina izatearen kostu pertsonala erakutsi nahi izan dugu”, azaldu du Nabarraldeko zuzendariak, nabarmenduz Azpirozek kontakizunari gehitu dion ezinbesteko hunkiberatasun “aberasgarria”.

“Katalinak berak hitz egin behar zuen”, gehitu du Rekaldek. Askotan gertatu bezala, lurralde urrunetan jarri dugu begirada, eta Pizkunde garaian pentsatzean Italian jartzen dugu burua: aipatutako Medicitarrak, Rafael edota Leonardo Da Vinci artistak etorriko zaizkigu gogora, baina Nafarroak ere bizi izan zuen bere Pizkunde propioa. Hori gauzatzeko, noski, aurretik “erresumaren modernizazioa” gauzatu behar izan zen, eta hori, Katalinaren eskutik etorri zen: “Erresuma zaharkitua hartu eta irauli egin zuen; erreforma sakonak egin zituen”.

“Emakume ikasia zen, argia eta zentzuduna”, deskribatu du gidoilariak komikian. Bere erregealdian “administrazioa modernizatu zuen” monarka: “Justizia, tresnez hornitu zuen; herri eta hiribilduei azoka eta merkatu-eskubideak eman zizkien; jendearen bizimodua hobetu zuen, eta horrek bandokide eta nobleak isolatu zituen; gramatika ikastegi bat sortu zuen, etorkizuneko unibertsitateen hazia eta inprentaren instalazioan lagundu zuen, Gutembergek asmatu eta urte gutxira; eta Europako beste nazio batzuekin harreman diplomatikoak ere bultzatu zituen bere gorteetan enbaxadore egonkorren sare batekin”. Konkistak bat-batean eten zuen Nafarroa garaian Katalinak hasitako modernizazio bidea, baina Iparraldean aurrera jarraitu zuen.

Tradizioarekin apurtu

Azpiazuk ohiko komiki historikoaren tradizioarekin apurtu du Foixeko Katalinaren marrazkiak lantzerako garaian. Soiltasuna, sintetismoa, lerro irmoak eta bi tintetan inprimatutako orrialdeak dira, plano formalari dagokionean, obran nabarmentzen diren ezaugarrietako batzuk. “Badakit ez dela mota honetako komikietan nabarmentzen den estiloa, baina beste estetika batzuk ekartzea ondo iruditu zait. Ez dugu zertan estetika bat lotu behar gai konkretu bati”, esan du ilustratzaileak.

Hernaniarrak marrazkilari lanak egin izan du Euskal Herriko zenbait aldizkari eta egunkarietan -Tupust! Emakume Komikigile Euskaldunen Kolektiboko kide ere bada-, eta “erronka bezala” hartu zuen Rekaldek egindako proposamena. Alegia, bere lehen komiki historikoa marraztea -inoiz egin duen luzeena ere bai baita-. Katalinaren pasarte hau ez zuen ezagutzen, baina erreginaren figurak “nolabait ere liluratu” egin zuela aitortu du: “Pertsonaia oso epikoa iruditzen zait, baina ez nuen betiko epikotasunaren azpimarra egin nahi. Sentimenduekin ere erlazionaturiko epikotasuna erakutsi nahi nuen, askotan emakumeongan ahuldadearekin erlazionatu izan delako sentimenduak adieraztea”. Marrazkilariak Katalinaren “indarra” islatu nahi izan du eta, aldi berean, baita bere “sentiberatasuna” ere, bere bizitzan oso gogorra izan zen konkistaren hasierako garaietan. “Bere indarraren parte bezala ikusten ditut bere sentimenduak, ez ahuldade bezala”, azpimarratu du.

Nabarraldek landu duen laugarren komikia da hau -bazkideen artean banatuko da eta interesa duenak Fundazioaren webgunean erosi dezake, baita zenbait liburu-dendatan ere-; beti, euskal komiki-gintzako lehen mailako ilustratzaileen eskutik: Joseba Larretxe Josevisky, Adur Larrea, Asisko Urmeneta eta, orain, Ainara Azpiazu Axpi izan dira Nabarraldek proposatutako pasarte historikoak irudiz jantzi dituzten artistak. “Pozgarria da horrelako marrazkilariekin lan egin ahal izatea”, esanez bukatu du Rekaldek.