- Aner Peritzek (Zarautz, 2002) irabazi du aurtengo Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa. Txikitatik izan du harreman estua bertsolaritzarekin zarauztarrak. Bere aitak, Xabier Euzkitzek, zabaldu zion horretarako bidea eta Zarauzko Etxebeltz bertso-eskolan hamalau urterekin, "berandu", hasi arren, maila ona eskuratu. Zarauzko bertso-eskolan ikasle izatetik irakasle izatera igaro zen duela hiru urte eta gustura jarraitzen du irakasle lanetan oraindik ere. Horrez gain, Euskal Filologia ikasten hasi da unibertsitatean eta horrek ere bertsolaritzaren mundura are gehiago murgildu du bertsolari gaztea.

Noiz hasi zinen bertsotan?

-Hori askotan galdetzen didate eta egia esan, ez dakit erantzun zehatz bat ematen. Etxetik datorkit bertsotarako afizioa, eta egia da umetatik bizi izan naizela bertsoz inguratuta. Ondoren, bertso-eskolan eman nuen izena, baina berandu, hamalau urte inguru neuzkanean.

Aita al duzu erreferente nagusi?

-Hasieran, erreferente handiena eta bakarra bera izan da niretzat. Nik bertso mundua ez nuen ezagutzen, bertsoa ezagutzen nuen alde batetik eta aita bestetik. Ni bertsolaritzarekin uztartu nauen pertsona bakarra bera izan da, baina hortik askatzen joan naiz eta egia da orain aita baino askoz gertuago ere sentitzen dudala jendea bertso mundurako.

Adibidez?

-Plazan dabiltzan bertsolari handiak, izen bat esatera ez naiz ausartuko. Baina aitak, erreferente izateaz gain, bidea zabaldu dit. Orain beste bidelagun batzuk ditut bertso munduak berak eman dizkidanak eta erreferente ez dakit, baina erreferentzia behintzat askotan gehiago da gertu sentitzen dudan jende hori urruti ikusten dudana baino.

Oraindik bertso-eskolan jarrai-tzen duzu?

-Nik bost urterekin puntu bat eran-tzuten jakingo nuen. Beraz, bertsotan banekienean jabetu nintzen Zarautzen Etxebeltz izeneko bertso-eskola bat zegoela eta hamalau urterekin eman nuen izena. Bi edo hiru urtetan zehar ikasle gisa aritu nintzen bertan eta jarraian irakasle izatera igaro nin-tzen. Orain hirugarren urtea bete-tzen ari naiz Etxebeltzen irakasle modura.

Eta zer moduz doakizu?

-Ondo, oso gustura. Aurten Zarau-tzen jarduteaz gain, Orion ere bertso-eskolak ematen ditut eta oso pozik nago. Guk ikusi dugu gu baino helduagoak bide hori nola egiten joan diren, ikasle izatetik pixkanaka gure irakasle bihurtzeko prozesu hori, eta nik oso naturalki eta oso gustura eman dut pausoa.

18 urterekin nolakoa da bertsolaritzarekin duzun harremana?

-Oraintxe bertan handi samarra. Aurten unibertsitateko ikasketak hasi ditut eta oraindik eta harreman handiagoa dut ia-ia. Zarau-tzen lotura estua dut bertako bertso-munduarekin eta ostiral arratsaldetan bertso-eskolak ematen ditut Etxebeltzen. Gainera, inguruko jendearekin ere harreman handia daukat eta orain pixka bat Zarauzko betiko laguntasun harreman horietatik askatu garela ere, egia da asko babestu naizela bertso munduak eman didan jende horretan. Bertsoaz gain, horren inguruko mugimendua nire bizi-tzaren parte da oraintxe bertan.

Urriaren 16an Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan nagusitu zinen. Nolakoa izan zen finala?

-Oso berezia eta arraroa. Inork ez genuen espero Eskolartekoan apuntatu ginenean urriaren 16an izango zela Gipuzkoako finala, ezta Euskal Herrikoa egingo ez zenik ere. Baina apuntatu ginen eta bat-batean jakin genuen hilabete askotan geldirik egon ondoren, martxan jarri zela Eskolartekoa berriro ere. Ni izango naiz lehenengoa Eskolarteko finalera, goiz horretan bertan unibertsitatean klase bat edukitzetik, zuzenean bertsotara joan dena. Beraz, neurri horretan berezia da eta egia da saioa bera ere apartekoa izan zela. Kanporaketan nire ikasle diren beste hirurekin kantatu nuen eta finalera haietako bat ere pasa zen. Beraz, bi zarauztar geunden: bat ni eta bestea nire ikasle Uxue Ostolaza.

Txapel bat irabazten zenuen lehenengo aldia al zen?

-Bai. Lau urtetan hartu dut parte Eskolartekoan eta bigarren urtean txapeldunorde geratu nintzen bai Gipuzkoan eta baita Euskal Herrikoan ere, eta hirugarren urtean ere berdin. Aurten Gipuzkoako txapela lortu dut, eta Eskolartekoan behintzat, lehenbiziko txapela izan da.

Abadiñon ospatzekoa zen Euskal Herriko Eskolartekorako txartela lortu zenuen bertan. Zer sentitu zenuen egingo ez zela jakitean?

-Pena handia eman zidan. Guri beste planteamendu bat egin ziguten, Abadiñoko hortaz gain alternatibak bilatzen aritu zirelako, eta argi geneukan ez zela izango urteroko emanaldi polit hori. Nik bi urtetan kantatu dut Saran ospatu diren Euskal Herrikoetan eta egia da egun hori oso ederra izaten zela. Trinketea jendez beteta ikusteak eta Euskal Herri osoko lagunak eta bertsokideak bertan elkartzeak berotasun handia ematen zuen. Niri Euskal Herriko finalera ez joateak baino pena handiagoa eman zidan saio hori ez egiteak.

Zure ustez nolakoa da bertsolaritzaren egoera gaur egun?

-Zarautz oso herri bertsozalea da. Bertso-eskolak beti eduki izan ditu gorabeherak zenbakiei dagokionez: urteak eta garaiak egon dira haur pila bat zeudenak bertso-eskolan. Adibidez, gure belaunaldian asko apuntatu ziren eta orain ez dago hainbeste jende, baina egia da orokorrean oso herri bertsozalea dela eta bertso-eskola indartsu dagoela. Bi bertso-eskola daude eta helduena ere oso betea dago. Ez dakit zenbakitan esaten, baina Whatsapp-eko talde horretan jende asko dago. Irakasle izateko prest ere dezente pertsona gaude eta egia da bertsozaletasun handiko herria dela.

Eskolartekoa utzi eta txapelketa nagusietan parte hartzen hasiko zara orain?

-Bai, hori gertatzen da. Saltoa egiterakoan garai bat egoten da Eskolartekoan zaudena eta agenda oso markatua izaten dena: otsailean hasten da Eskolartekoa eta zorte pixka batekin ekainera arte irauten du. Orain askoz ere difusoagoa da. Oso fase polita izan daiteke eta ni pozik nago. Laster gazteen sariketa zirkuituekin hasiko gara eta gero, Gipuzkoako txapelketa iristen denean, horra joateko asmoa ere badaukat. Berezia da eta lehen baino ziurgabetasun handiagoa sentitzen dut. Lehen saioak oso finkatuta bazeuden, orain sariketak noizbehinka aterako dira.

Zein txapelketa irabaztea gustatuko litzaizuke?

-Aurten Zarauzko Lizardi sariketan kantatzea tokatu zait lehenbiziko aldiz eta zorte handia izan dut. Finalera pasatzea lortu nuen eta oso berezia da. Niri txapelak baino askoz ere poz handiagoa ematen dit saio horrek berak. Finalean ez nuen txapelik lortu, ez nuen esperantzarik eta inork ez zuen espero nik hor txapelik lortu nezakeenik, baina saioa bera tokatzea oso berezia da. Lizardin, herriko sariketa izanda, gogo handia dut hor parte hartzen jarraitzeko. Behin hasita, ahalik eta saio gehien egin eta ahal den gehiena gozatzea gustatuko litzaidake.

"Zarautzen jarduteaz gain, Orion ere bertso-eskolak ematen ditut eta oso pozik nago; oso naturalki eta oso gustura eman dut pausoa"

"Sarako trinketea jendez beteta ikusteak eta Euskal Herri osoko bertsokideak bertan elkartzeak berotasun handia ematen du"