Urretxu eta Zumarragako udalek teknologiaren erabilera arduratsuaren adierazpena onartu dute eta ZEOS programa abian jarriko dute. Hasteko, hiru ekimen antolatu dituzte 2026ko hasierako, Altxa Burua taldeko gurasoekin batera.
Lehenik eta behin, haur eta nerabeen ingurune digitalen diagnostikoa egingo dute. Ekintza hori gurasoei zuzenduta egongo da. Helburua haur eta nerabeen tresna digitalen erabilerari buruzko datuak jasotzea da. Bildutako informazioarekin, etorkizuneko ekimenen ildoak definitu ahal izango dira. Galdetegi horretarako lotura bi udalen webguneetan egongo da eskuragarri.
Horretaz gain, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek Ongizate digital eta emozionala: pantailaren atzean zer? ikastaroa egingo dute. Helburua ez da teknologia gaitzestea, baizik eta ulertzea nola eragiten duen pantailen aurrean eta atzean egoteak.
Bukatzeko, ZEOS programa martxan jarriko dute. Programa horrek mugikorraren auziari erantzun eraginkorra eman nahi dio, hezkuntza komunitateari (familiak, eskolak eta ikasleak) ezagutza, bide, irtenbide eta tresna erabilgarriak eskainiz. Gainera, nerabeek bizi dituzten ohiko egoera desatsegin eta gaixotasun psikoemozionalei buruzko informazioa eta helduleku praktikoak emango dira, guztien artean egoera hobetzeko. Saioak urtarrilaren 20, 22, 27 eta 29an egingo dira, 18.00etatik 20.00etara. Urtarrilaren 20ko eta 22ko saioak Zumarragako kultur etxean izango dira eta urtarrilaren 27 eta 29koak Urretxuko kultur etxean.
Ongizate digital eta emozionala: pantailaren atzean zer? saioa eta ZEOS programako jarduerak Maitane Ormazabalek, psikologian adituak, gidatuko ditu.
Egitasmoa gaur aurkeztu dute, Zumarragako azokan. Ekitaldian Iñaki Mendiluze Zumarragako zinegotziak, Igor Zubillaga Urretxuko zinegotziak, Ormazabalek, Altxa Buruako gurasoek eta ikastetxeetako ordezkariek parte hartu dute.
Mendiluzek historia apur bat egin du. “Urretxuko eta Zumarragako udalok, azaroko udalbatzetan, haurren eta nerabeen artean teknologiaren erabilera arduratsua sustatzeko konpromisoa onartu genuen. Haurren eta nerabeen ongizatearen aldeko konpromisoa geureganatu genuen horrela”, esan du.
Zubillagak baliabide digitalen presentzia gero eta handiagoa dela gogoratu du. “Urretxuko eta Zumarragako udalontzat, erronketako bat erabilera egokia bultzatzea da, eragin kaltegarririk izan ez dezan gure komunitateko haurrengan eta nerabeengan. Bide horretan, udalokin batera, beharrezkoak dira familiak, ikastetxeak eta gainerako eragile eta zerbitzuak ere”.
ZEOS programa Ormazabalek ZEOSek bi adar dituela esan du: teknologikoa eta nerabezaroarekin lotutakoa. “Lehen bi saioetan alderdi teknologikoa landuko dugu. Teknologia gure zerbitzura egon beharko litzateke, baina zenbaitetan teknologiaren zerbitzura nahi gaituzte. Teknologiarekin lotutako bi saioak Telmo Lazkano lankideak gidatuko ditu. Nik, berriz, emozioekin lotutako bi saioak gidatuko ditut. Gurasoei eta hezkuntza komunitate guztiari parte hartzeko eskatu nahi diet. Nerabeek gu behar gaituzte, bestela teknologia gaizki erabiliko dute. Izan ere, gaizki erabiltzeko eginda dago”.