- Koldo Izagirre idazlearen azken sorkuntzak argitaratu ditu Erein argitaletxeak: Dumitru biluzik eleberria eta Irrimarra taldearen Altzoko Handiari buruzko azken bi album ilustratuak. Joxe Inazio Mujika Iraola editorearekin aurkeztu zituzten atzo, bai Izagirrek eta baita kolektiboko kide Karmele Gorroñok, aipatutako hiru obrak.

Eleberriari dagokionez, 2014an sortu zuen jatorri errumaniarreko protagonista euskaldunera itzuli da idazlea. Dumitruk eguneroko oso pertsonala idatzi du: "Baimena eman digu hura irakurtzeko". Egunerokoan protagonistak bere "suminak", "ezinegonak" eta "ihes egin beharrak" kontatu ditu.

Idazleak nobela "ez arrunta" idatzi du, zuzena forman, laburra pasarteetan, baina "sasi-abangoardiatik" aldendu nahian. Dumitru biluztu egiten da azken eleberri honetan; identitateaz hausnartu du, baita maitasunaz eta adiskidetasunaz ere. Amaren figura oso presente dago Dumitruren bizitzan, hila delako harentzat. "Abortatu nahi izan ninduen baina ez zuen lortu. Ez nintzen ni izan haurdun utzi zuena. (Ez dakit esaldi hau zenbat bider leundu nahi izan dudan, eta ez dut asmatzen)". Hitz gogorrak dira Izagirrek Dumitruren egunerokoan idatzitakoak.

Beste tonu batean, aldiz, idatzi ditu Altzoko Handia eta Kutixiren mehatxua eta Altzoko Handia eta Kutixiren bekaitza. Aurreko lauak bezala, Irrimarra taldeak eskuz margotu ditu ilustrazioak Izagirrek narratutako "giroan" oinarrituta. Halere, idazleak, apaltasunez, bere testu guztiak kendu egin beharko liratekeela aipatu zuen atzo. "Irudiek beraiek bakarrik istorio bat kontatzen" dutela adierazi zuen, gerora gehitzeko, haurrek ez bezala, helduek utzi egin diogula ilustrazioak "irakurtzeari" .