- María Fontán donostiarrak Zerua hautsi zen gauaren gidoia idatzi zuen eta beldurrezko eta fantasiazko euskarazko film laburrak ekoizteko Oihua! programara aurkeztu zuen, baita lehen edizioa irabazi ere. Programa hau, besteak beste, Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Asteak jarri zuen martxan iaz, ideia argi batekin: urtero euskarazko ekoizpenak sustatu eta garatzea. Publikoak Oihua!-ren lehen emaria atzo ezagutu zuen estreinakoz, hain zuzen ere, Victoria Eugenia Antzokian ospatu zen inaugurazio proiekzioan, zombie korearrei buruzko Peninsula pelikularen aurretik. Ekitaldian, gainera, orain dela aste batzuk zendu eta La Orquesta Mondragón taldeko kide zen Popotxo ere omendu zuen antolakuntzak -Javier Gurruchagarekin batera, Astearen karteleko protagonista izan zen 2013. urteko edizioan-.

Guztira 39 sortzailek aurkeztutako 42 proposamenen artean gailendu zen Fontanena. Emanaldiaren aurreko prentsaurrekoan, Madrilen bizi den zinemagile donostiarrak azaldu zuenez, euskaraz idatzi duen lehen gidoia izan zen hura: "A zer opari ederra, hau hautatu izana". Paul Urkijo zuzendariak Errementarirekin egin bezala, Fontánek ere folk horror azpikategorian kokatu du bere obra hau. Ez da kasualitatea, beraz, Urkijo bera izatea ekoizpen prozesuan aholkulari lanetan ibili denetako bat. "Paul niretzako inspirazio iturri handia da", onartu zuen Zerua hautsi zen gauaren egileak.

Konfinamendua hastear zela iritsi zen Fontán Donostiara Madrildik eta Larrotxene Bideoko taldekideek telematikoki jarraitu zuten bere lana konfinamenduaren asteetan. "Ez genekien aurrera aterako genuen edo ez", esan zuen. Baina bai, film laburra osatzea lortu zuten. Aurreprodukzioa bi edo hiru asteetan egin zuten; filmaketa, aldiz, ekainaren azken hiru egunetan gauzatu zen, Oiartzungo taberna batean. Bertan kokatu du Fontánek istorioa: gau ekaiztsu batean, lau pertsona daude ostatu barruan. Giroa arraroa sumatzen dute eta atea itxita dago, norbaitek jotzen duen arte...

Fontánek bi arrazoirengatik aukeratu zuen Urtzi pertsonaia gisa. Alde batetik, gorpuzgabea izanik, deabrutzearen ideia landu zezakeelako. Bestetik, Barandiaranen Hiztegi Mitologikoak ez duelako informazio gehiegirik eskaintzen. Gauzak horrela, sormenerako aukera zabalak eskaintzen zizkiola ikusita, Urtziren moduko izaki baten atzean dagoena imajinatzeari ekin zion: "Hor goian bakarrik sentituko ote zen pentsatzen hasi nintzen". "Urte arraroa izan da. Kanpoan hainbeste denbora ikasten eman ondoren, nire sustraiekin topo egin dut berriro", esan zuen.

Jaialdiko zuzendariak, Josemi Beltranek, gehitu zuen atzoko emanaldiaren ondoren, eta COVID-19aren egoerak ahalbidetzen duen heinean, Zerua hautsi zen gaua banatzen saiatuko direla: "Ikusiko dugu zer ibilbide izango duen film laburrak".