- Mikel Urdangarinek aurre-salmentan jarri du Zart* kolektiboaren webgunean (zart.eus) udazken honetan aurkeztuko duen lan berria, Izurdeen lekua. Zornotzarrak pianoarekin konposatu ditu bilduma berriko abestiak.

Zart* kolektiboak atzo aditzera eman zuenez, Koldo Uriarte izan da album berriko ekoizlea eta bere ohiko musikari "bikainen" doinuekin ondu du entzuleak "koordenada berrietara" eramango dituen lana (diskoaren azala Alain Urrutia margolariak sortu du). "Senak aginduta etorri ziren bisitan izurdeak euskal kostaldera maiatza hasieran, justu Urdangarin lan berria izango zenarekin aurrera egin ala ez zalantzan zebilenean. Berak ere senari kasu egitea erabaki eta aurki labetik aterako den kantu sorta berriari heldu zion irmo. Ebokazioz beteriko lana, orain arte ibili gabeko paisaiek koloreztatua, gertuko galeren argia daramana bere baitan", azaldu zuen kolektiboak Izurdeen lekua lanaren inguruan.

Aurre-salmenta martxan dago jada, aipatutako web orrialdean; Mikel Urdangarinen diskoaren kopia fisikoa jasotzeko, aldiz, azarora arte itxaron beharko da.